Etiketak jartzeko joera gaizto hori

Badauka La Sexta kateak holako sinesgarritasun misteriotsu bat nire inguruan. Kate pribatu honek lantzen ei du Kataluniako auzia itxurosoen Espainiako telebisten artean. Hori esaten didate lagunek eta entzun diot dakarkidan adibideko kazetariari berari ere. Ez nago ez oso ados baieztapen horrekin, baina egi-egia da kate hau pribatua dela eta libre dela gura duen editorialarekin (agerikoa eta aitortua balitz hobeto) jarduteko.
Espainian erreta dirudite  pantailan agertzen zaizkigun pertsonek gaia Katalunia den bakoitzean. Hedabideetako kazetariengan eta bereziki tertulianoengan igartzen da kea dariela belarrietatik Katalunia aipatzeaz bat. Kataluniako TV3 kateko zuzendariai egindako elkarrizketa baten zatia da adibidetzat jartzen dudana hemen. Elkarrizketatzailea da erasokor dagoena eta kate plublikoko zuzendariaren erantzunak eman dit gaia etiketez idazteko. Elkarrizketako gakoa da, nire ustez, zer den garrantzitsua argi eta garbi uzten duela.

Zein aspergarria den etiketatu behar hori

Hainbat adibide eman daitezke eta izango du testu honen irakurleak ere antzerakorik. Nik, aste honetan bertan bizitakotik batzuk:

  • Zuen kazetari hori, bai, hori… badakigu ondo zeintzuk diren bere lagunak eta zein girotan mugitzen den”. Eta? Interesatu behar lukeen bakarra da hedabidearen atetik sartzen denean kazetari profesional jantzia jartzen duen edo ez. Ezezkoa bada, eta kalerik egin badugu, horri buelta ematea dagokigu, baina ez nortzuk diren bere lagunak komentatzea. Gremioz aldatuz: zinegotzi batek, den alderdikoa izanik ere bere alderdikideendako bakarrik erabakitzen ditu politikak? Ezezkoan nago, eta kazetariekin berdin. Gure kazetari-lankideek ondo baino hobeto dakite bezerorik preziatuena irakurle edo ikus-entzule kopuru handi hori dela, zein alderdikoa den inporta barik. Kuriosoa litzateke neurtzea ia nori ahazten zaion errazen bezeroa denetarikoa dela, zinegotziari edo kazetariari, hedabide zuzendariari edo goi kargudun politikari bati.
  • Elkarrekin bazkaltzen geundela komentatzen zigun EITBko kazetari-profesionalak zein gaizki zeraman mundu guztiak etiketatua izateko zuen “behar” hori. Goiz baten heltzen zitzaion mezu bat esaten igartzen dela nork ordaintzen dion; beste baten, asko nabari zitzaiola ezker abertzalekoa zela; hurrengoan elkarrizketa egiteko modu xalo horrek (xalo tuiterlariaren ustez, noski) erakusten zuela zein mailataraino den jeltzalea. Askotan, sarriegitan, heltzen direla whatsappak egurra ematen bai alde batetik, bai bestetik eta bai hurrengotik.
  • Zinegintzan lan egiten duen beste batek komentatua da bazuela ezagun bat ezeroso egoten zena norbait ezagutu eta ez bazekien zein alderditakoa den. Hau da, beharra zuen  jakiteko aurrean zeukan horrek zer bozkatzen zuen. Itxura baten, zer esaten zion baino garrantzia handiagoa du harentzat halako edo bestelako bozkatzen duen. Harrituta ari nintzaion entzuten, baina ez da ez martzianoa lagun hori. Badago jende bat elkarrizketaren parte batean argi lagatzen dizuna “nondarra” den eta argiago duena “nondarra” zaren, oker egon zein ez.
  • Gure sektorean ere, euskal hedabidegintzakoan, makalak gara ba! Neuri gertatzen zait astebetean EAJkoa naizela entzutea eta hurrengoan EHBILDUkoa eta dena neurtzea parametro horietan, ez egiten dugun lanean. Eta hori beste hedabide bateko profesional batek esana denean benetan da tristea. Podemosi bozka eman diodala apustu egin duenik ere ezagutzen dut. Bazen garai bat hedabideen artean errespetu handiagoa zegoena, gremiokoen artean desiragarria den hori. Hilabete honetan entzun behar izan dut hedabide bateko laguna libre-libre aritu dela esaten zein hedabide dagoen zein botereri salduta. Errespetua eman eta jasotzea errekuperatu beharko dugu ahal den azkarren. Errespetu falta ez-publikoak dira hedabideen arteko hauek, baina errespetu faltak.
  • Politikariak dira etiketen banatzailetzan zaletuenak: EAJ-ko alkateek argi dute ezker abertzalekoa dela hedabidearen editoriala; EH Bildukoek, aldiz, EAJkoa dela. Eta hedabide horrek PSEkoren bati elkarrizketa egin eta portada eman ostean, badago baja ematen duenik ere harpidetzatik.
  • Etiketen munduan bizi gara, tageatuta. Eta eman da beste pauso bat: GUREez jakin gura dugu; ezer ere ez BESTEez. Kuriosoa da ikustea, esaterako, politika jarraitzen duten tuiterlariek jarraitzen dituztela bakarrik pentsakera bateko pertsonak eta ez kontrakoa pentsatu dezaketenak edo dutenak (batzuetan baita bloketatu ere). Facebookeko lagunak ditugu gure antzera pentsatzen dutenak eta ez beste batzuk. Nago, horrek itsutzera garamatzala, kartolak istera, eta errealiatearen pultsua galtzera. Inoiz baino garrantzitsuagoa da gaur hedabideek egiten duten lana denetariko joerakoei plaza emanez. Ez dago informatua egoterik lagunen komentarioak bakarrik irakurrita.

Etiketatua izan BEHAR honek kalte handiagoa edo txikiagoa egin dezake, norbere izatearen arabera. Garbi dagoena da onik, onik ez diola inori egiten. Inoiz ere ez kazetariari, behinik behin. Etiketa egileek, hala ere, usteko dute onuraren bat lortzen dutela eta egia esatera, batzuekiko eragin ere eragingo dute.
Kazetariak, hedabideetako arduradunak, zuzendariak… ezeren aurretik pertsonak dira, humanoak, eta presio horrek eragin egiten du. Beti, txarrerako eragin, egindako lanaz jardun beharrean etiketatzen galtzen badugu denbora.

Kataluniako hedabide publikoekin elkartasuna

Idatzi hau sinatu dut Euskal Herriko hainbat eta hainbat kazetarik egindako moduan:

Euskal Herriko komunikabideetako langileok bat egin nahi dugu Kataluniako hedabide publikoetako langile eta ordezkariekin, eta Kataluniako Kazetarien Kolegioak zabaldutako agiria geure egin, Espainiako Gobernuak TV3, Catalunya Radio eta ACNren gainean iragarritako esku hartzea salatzeko.
Hemen bildu garen komunikabideetako langileok, hortaz, geure egiten dugu Kataluniako Kazetarien Kolegioak zabaldutako mezua:
Kataluniako Kazetarien Kolegioak, 4.000 profesional baino gehiago biltzen dituen zuzenbide publikoko elkarteak, irmoki salatu nahi ditu Espainiako Gobernuak, oposizioko beste alderdi batzuen babesarekin eta Konstituzioaren 155. artikuluaren aterkipean, TV3, Catalunya Radio eta ACN zuzenean kontrolatzeko iragarritako asmoak.

Kataluniako Kazetarien Kolegioak uste du Generalitateko gobernuaren jabetzako hedabide publikoetan esku hartzea aurrekaririk gabeko erasoa dela demokraziarentzat eta adierazpen askatasunarentzat, hau da, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean jasota dagoen oinarrizko eskubide batentzat, eta modu onartezin batean jartzen du zalantzan TV3 eta Catalunya Radioren profesionaltasuna. Gainera, bi hedabide horien esku hartzea informazio eskubidearen urratze bat da, hau da, demokraziaren oinarrietako batena, zeren bi hedabide horiek zalantzarik gabeko erreferentzia informatibo bat baitira Kataluniako gizartearentzat. Kazetarien Kolegioak duela aste batzuk ohartarazi zuenez, ez dago egoera bakar bat, oso salbuespenekoa izanik ere, informazio eta adierazpen eskubideetan atzera egitea ekar dezakeena.
Honi dagokionez, ezin da egon informazioaren profesionalen prentsa askatasuna muga dezakeen ezein irizpide, eta Espainiako Gobernuaren esku hartze honek arriskuan jartzen du kazetaritza independentzia, zeina honako hauek arautua den: Kolegioaren Kode Deontologikoak, TV3eko, Catalunya Radioko eta ACNko batzorde profesionalak eta Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko gobernu organo propioak, zeinak Kataluniako Parlamentuari zor dizkion kontuak.
Une zail hauetan, Kataluniako Kazetarien Kolegioak, zeinak duela bi hamarkada oso lan aktiboa eduki baitzuen hedabide publikoen gainean, aitortu egin nahi du TV3 eta Catalunya Radioko erredakzioen lan profesionala, eta hedabide horietako batzorde profesionalen ondoan jartzen da eskatzeko Kataluniako ordenamendu juridiko propiora itzul daitezen.

Azkenik, Kataluniako Kazetarien Kolegioak deitoratzen du Espainiako Gobernuak Kataluniako autogobernuak sekula pairatutako erasorik zuzenena bultzatu izana, 155. artikuluaren aplikazioaren bidez, zeinak, de facto, Konstituzioak eta Kataluniako Estatutuak babesten duten autonomia baliogabetzen baitu.
Euskal Herriko komunikabideetako langileak

Rikardo Arregi sariketaren ebentoa ikusgai

Hainbat lagunek galdetu didate Rikardo Arregi sariketaren gainekoa… Ia sari hori non ematen den, urterokoa den… Gure ingurumarian oso ezaguna dena ez ei da horrenbeste haratago. Zer izan zen? ba bideoa egin dugu eta pentsatu dut blogera ekartzea. Elkarrizketa batzuk ere topatuko ditugu 35 minutuko bideoan.

Sariketen informazio guztia batu du orri berezituetan Goienak: Rikardo Arregi saria: “kulturrizketak”.

 

Ekipo-lana saridun: Goienaren`Kulturrizketak” saioa Rikardo Arregi 2017

Benetako luxua da Goienako lantaldearen parte izatea. Horixe sentitu nuen “Rikardo Arregi 2017” sari-banatze ekitaldian. Saria posible da arrazoi birengatik: bata, sortzaileen eskuzabaltasuna; bestea, ekipoa.

Hori guztia eta hori baino ez sari honen oinarrian.

Ekipoa osatu dute Iñigo Astiz-ek eta Maite Mutuberriak ere. Horrek eman du emaitza: “kixotenean”. Eduki ona eta aurkezpen ona izan dira “sari berezi”. Aipamenak aurretik ere zabaldu zituzten: “Eguna” eta “Ortzadar”. Sari ekitaldi polita izan zen eta eskertzekoa Andoaingo Udalak egiten duten lana Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren laguntzarekin. 

Goienaren editorialean esaten dira sariaren gainekoak  eta kopiatzen dut hemen:

Kalitatezko eta gertuko edukia

Norberaren herrian egingo diren txukuntze lanak, edo autobus zerbitzuaren hobekuntzak, edo herriko kirol agenda…: kalitatezko edukia eta gertuko kazetaritza. Bezeroak jaso gura duela esan digun edukia, informazioan erreferente egiten gaituena.
Eta gertuko zein kalitatezko eduki askoren artean, kultura edukia dugu maite. Goienaren egitekotzat dugu kultur mina sortzea, izan ere, alfer-alferrik litzateke maitatzeko moduan helaraziko ez bagenizu sortzaileen lana, zuk ere maitatuko ez bazenitu kultur ekarleak. Horratx ezein edukiren arrakasta: ahalik eta bezero gehienen asebetetasuna. Esker handitan ditugu Goienaren milaka jasotzaile horiek. Gure kazetariak ateak baino maratila gehiago erabiltzera daude ohituak, baliabide mugatuei imaginazioarekin aurre egitera. Fabrika zahar batera elektrizitate kablea eraman eta bi jarleku eta atrezzo txiki batekin espazioa berpiztera. Tamalez, irautea bera kazetaritzaren DNA bihurtu izana bizi dugu zainetan. Oraingoan, aldiz, parentesia egingo dugu eskuetan Rikardo Arregi saria hartuta, edo, bestela esanda, gertu onari iletik lotuko gatzaizkio. Eskerrik asko zorion opariarengatik. Eskerrik asko epaimahai, antolakuntza eta Andoaingo Udalari.
Saizarbitoriak zioen Rikardo Arregiz “belaunaldi hartako giltzarria” zela: “Helduena, langileena, intelektualki dohatuena”… Gaur, 2017an, kolektiboa da giltzarria, hainbat diziplinatako euskal artistez osatutako kultura komunitatea: bertsolariak, musikariak, idazleak, antzerkilariak, margolariak, gidoilariak, artistak… Orduan baino gaitzago nabarmentzen, baina nork bere onena emanda kolektibo-arrakastatsua osatzen dutenak. Ezin eskertuzko lana egiten dutenak euskal kultura nor izan dadin, nor izan gaitezen.
Kulturrizketetan parte hartu ez dutenak gogoan ditugu hurrengo denboraldirako, eta baita, noski, denboraldi honetan gure deiari baietzarekin erantzun dioten emakume eta gizon saridunak: Igor Elortza eta Unai Iturriaga, Maider Zabalegi eta Mikel Markez,
Kattalin Miner eta Karmele Jaio, Sara Cozar eta Asier Hormaza, Harkaitz Cano eta Manu Muniategiandikoetxea, Ines Osinaga eta Zaloa Urain, Manex Agirre eta Alaia Martin, Josune Arakistain eta Pello Armendariz, Kepa Errasti eta Ander Lipus, Alex Sardui eta Izaro Andres. Eskerrik asko!

Bidali mezu hau beste 10 laguni

Hasieran, A4 formatuko gutuna zabaldu eta ez diot garrantziarik eman. Sobrea, klaro, “sobre verde” deiturikoa, birziklagarria, sobreko 2 zentimorekin arbolak sartzen laguntzen duten horietakoa… en fin, dena berde, dena txukun.

Eta zabaldu-eta… 10 enpresak eginiko gutuna. Gutun bakoitzeko sinatzaileen artean: Elkarteko koordinatzaileak, zuzendariak, kontseilu errektoreko lehendakariak, zinearekin lotutako enpresetako presidenteak, fundazioetako zuzendariak, euskal institutuetako zuzendariak, ikastetxeetako zuzenadriak, hezkuntza sailekoren bat, goi mailako eskola bateko zuzendaria…  Niri heldu zaizkidan gehienak euskaraz, denak entitate ezagunak. Asko prestigiodunak ere bai. Antza, kate konkretu hau heldu da Mirada de Ebroko ikastetxe batetik bueltan. Eta atzerago eginez gero: Lugo, Galiziako Xuntako hezkuntza sailburutza…

Benetan, honek ez du izenik!
Aspaldi ezagutzen dugu hoax hitza. Interneteko hoax bat da gezur bat Interneten zabaltzen dena eta biral bihur daitekeena. E-posta bidez zabaltzen dira eta hara eta hona egiten du buelta, edozeinen pantailara egiten du jauzi. Ufff. Ba itxura berdepean jaso duguna da Interneteko hoax-en bertsio antiekologikoa. Dozena bat folio grapatuta. Ematen du zer pentsatua:

  • “Sobre verde”an, eduki antiekologikoa.
  • 11 folio fotokopiatu eta lehena sinadura eta zigilu originalarekin.
  • Eskatzen dizu ekimen honekin bat egitea erakundeak. Hortik zigilua izatea. – Euskaraz jasotzen badugu gertukoagoa da eta zalantza gutxiago, akaso.
  • Hau sinatzen goi kargu asko.
  • Hau egiten denbora dezente hainbat enpresatan.
  • Eta jarri zarete pentsatzen zelan jakingo duen errekorren etxe horrek gutunak bidaltzen ari garela? zelan frogatzen da? edo izenik ez duen ume horrek zelan jakingo du?
  • Guinnes errekor etxeak ez ditu onartzen mezu-kate hauek. Klaro, hau ulertzen dut denok jakiterik ez dugula lehen kolpean.
  • Esaten dizute mozten baduzu katea deabrua izango zarela. Hau poza! 🙂
  • Diote, katea ez dela inoiz eten (sortze datarik ez da inon ageri, klaro), baina bistakoa da 10etik 10 ez direla izango jarraipena ematen diotenak, diot nik.
  • Inork ez du zalantzan jarri hau gezurra denik. Eta gakoa hortxe egon daiteke.
Ezagun egin da beste berba bat: Fake
Interneten erabiltzen den terminoa da fake. Eta badu paradoxatik, gezurra dela antzemateko zaila izan behar baitu, baina era berean, fake bat izan beharko litzateke antzemateko modukoa momenturen baten. Hau da, prozesu komunikatibo bat eragin beharko luke eta gero, kasu honetan bezala, norbait deabrua izan: katea eten, edota gezurra dela bistarazi. Beraz, esan genezake paper-fake bat jaso dugula Goienan.
 
Eta umeaz paso, hamar erakunde nahasteaz bat

Ume honek (ez baita esaten zein den ere), ez du gaixotasuna sendatzeko bidean ezer jasoko. Bueno, umerik ere ez da egongo gezur honen oinarrian! Eta egia balitz ere, errekor bat egitea da kontua. Eta oso ezagunak diren erakunde pila bat dale eta dale hamarna gutun bidaltzen. Egia esan, Correos-ekoa banintz, nik neuk asmatzeko moduko paper-gezur-katea. Pagotxa bidalketa kopurua.

Hedabideen egitekoa
Uste dut, hedabideek garrantzirik badute, sinesgarritasunean dutela. Hau da, pasatu gara gutxi informatuta egotetik hiperinformatuta egotera. Hiperinformatuta bai, baina zerekin? ba geure buruari ez diogu galdetu ere egiten irakurtzen duguna ia egia den, gezurra den… Interneten badago, ba irentsi egiten dugu. Eta ez Interneten badago bakarrik, “sobre verde” baten badator ere halatsu. Hedabideotan argitaratzen duguna egia dela esan genezake, edo behintzat, hainbat profesionalen filtroa pasatzen dute. Gure marka sinesgarritasunarekin lotzea da gure egitekoetako bat.

Donald J. Trump: mundu mailako harribitxia da `Times´

Tuitak zeini ez dio eman zer pentsatua. AEB-tan gertatzen dira halakoak. Han, beti handi, beti handien, beti handikien. Eta gerturago? Agintea duten batzuek ere zaindu beharko lukete ba sare-jarioa…

Hain famatua egin den tuit horretatik tiraka (51,2K retuit eta 162K datsegit) fokoa jarri dut The New York Timesen. Ekartzen dut blog honetara etxeko-lanak eginda izan zituen hedabide handi baten adibidea.

2016ko azaroan izan zen Trump Timesen etxe berrituan, bisitan. Orduan jakin zen, urte batzuk lehenago, Ochs/Sulzberger familiak bazituztela sinatuta printzipio batzuk. Gerta zitekeen edozerren aurrean bazuten printzipioen testu bat. Horrela zioen:

Independentzia editorialari eta The New York Times-en integritateari eutsi, eta iraunarazi egunkari independente bat moduan. Beldurrik gabe, inongo influentzietatik libro eta beti bezeroaren zerbitzura.

Timesen Alboko editore familiako Arthur Sulzberger Jr izendatu zuten egun horien bueltan, lehenengo hitzetan esan zuen: negozio digitala gura dut eraikitzea “kazetaritza anbiziotsuari eutsiz, Times-ek berezi izaten jarraitzeko”.

Kalitatezko kazetaritza egiten urteak zeramatzan Times-ek eta editore berriak gogoratu zuen kazetaritza molde hori gura zuela egiten jarraitzea, eta gehiago sakondu, irakurleak parte bihurtuz Times-en produktu eta esperientzietan.

Kazetaritza modua eraldatzeaz gain, horrela bakarrik lortu zitekeen irakurleak jasotzen zutenagatik ordaintzea. 3 milioi harpidedun zituen 2017ko otsailean Times-ek. Papereko harpidedunei (1,1 milio), gehitu behar zitzaizkien digitaleakoa (beste ia 2 milioi). Horrek esan nahi zuen historian inoiz izan dituen harpidedun gehien zituela Times-ek.

Sulzberger Jr-ekin batera etorri ziren hainbat aldaketa. Bilera batean lau puntu nabarmendu zituen:

  • Sinesgaitza den posizio indartsuan gaude, nahiz eta hedabideen krisiak gogor kolpatu.
  • Lankide bakoitzak behar du azkar moldatu ideia eta lan egiteko molde berrietara, edozein delarik ere enpresan duen lanpostua.
  • Misioa da garrantzitsua. Enpresako bakoitzak egunerokoan izan behar du buruan eta dedikatu.
  • Erakunde arraroa gara, baina zorteduna. Misioa eta negozio eredua alineatuta daude. Irakurlea jartzen dugu egiten dihardugunaren erdi-erdian. Horrela bizi behar dugu lana, gure lanpostua enpresako edozein delarik ere.

Bilera horretan Dean Baquet-ek ere hartu zuen parte. Zuzendariak:

  • Inbestigazio ekipoak indartu zituen Washingtonen eta New Yorken.
  • New York lantzetik nazioa lantzera pasa.
  • Kobertura handiagoa ingurumenari eta genero gaiei. (Hau lankideek eskatutakoa zen 2020ari begira).

Edizioari dagokionez argi zuen Baquet-ek: “ikasi behar dugu kalitatedun edukia publikatzen, baina istorio bakoitza esku gutxiagotatik pasa ostean”. Multimediatasuna argi eta garbi agertzen da hitzotan.

Bestetik, papera gura zuen berdefinitu eta perfekzionatu. “Papera digitalaren aroan nolakoa?” Galderari erantzun behar zitzaion. Horretarako 4 irtenbide:

  • Kazetaritza bisualari garrantzia handiagoa. Ez itxaron letrei. Eman irudiekin, bideoekin, bisualago…
  • Oso kontuan hartu eskuko telefonoa: azkarrago eta bisualago eman istorioa.
  • Audientzia globalagoetara jo (Internazionala landu).
  • Istorioak kontatu formula ezberdinak erabiliz.

Aldaketa hauek, zuzendariaren iritziz, posible dira ze “Times ez dago paperari lotuta, bere printzipioei baizik. Gainera, ez bagaituzte irakurtzen zeintzuk dira printzipio horien helburuak?”

Bistan da, Times-ek formazioan inbertitua zuen ordurako eta denbora dedikatu zion aldaketari. Jakinekoa da gauetik goizera ez dagoela aldaketarik. Kazetariei eman zitzaizkien baliabideak, digitalak ekarri zuena ikas zezaten. Adibiderako, Facebook Live-eko formazioa 300 kazetarik jaso zuten eta “arrakasta espektakularra” izan zen zuzendariak esan zuenez.

Kazetariak ez dira arduratzen Times-en istorio hori non agertu behar den. Ez daude begira papereko zein lekutan doan eduki hori. Horren ardura editoreena da. Horrek, badirudi libreago uzten duela kazetariaren lana eta zalantzan jartzen du gaikako banaketa paperean zein digital edo telebistetan, nire iritziz. Hau da, batzuetan atal batzuk egongo direla eta besteetan ez. Ez da ezer gertatzen istorioak onak badira. Konbinazio batera heldu dira: markadun kazetarien lanak eta zerbitzu-kazetaritza ematen ditu Times-ek.

Dean Baquet-ek bere hitzaldian onartu zuen erredakzio guztiak bazekiela zein rol berezi eta garrantzitsu duen erakundeak. Area guztietako jendeak (erredakzio, teknologia, produktu, marketing… sinisten du New York Times independente baten. Kazetaritzak agintzen duen Times da New York Times.

Aurre-lan hori eginda bakarrik ulertu daiteke Times gogor egotea presidente aldrebes bat agintera helduta ere. Donald Trumpek munduko pertsonarik petralenak, lizunenak zirela esan zuen eta “Failing @nytimes” hasi zitzaion deitzen bere tuitetan komunikazio taldeari.

Jakinekoa da Times-ek argitaratu zituela Trumpek haizendari egin zion iruzurra eta baita jazarpen sexualeko pare bat kasu ere hauteskunde aurretik. Beharbada, nire iritzirako, gaizki egin zuena izan zen Hillary Ciltonekin larregi lerrokatzea (ez haziendakoa eta abusuena ateratzea, noski). Hauteskunde gauean bertan Clintonek alde handiz irabaziko zuela zioen azalean… eta ez, Trumpek irabazi zuen.

Hala ere, Times-ek barne ohar batean esan zien erakundeko lankideei Trump-ek irabazi eta bi egunera:

  • Idatzi notiziak beldurrik eta faboritismorik gabe.
  • Administrazio berriaz aurrejuzgurik gabe informatu.
  • Ez dirudi elkar ulertzen direnik AEBko biztalde asko, egin dezagun gure lana gertatzen dena interpretatuz eta azalduz.

Sulzbergerrek gaineratu zuen Times sortua zela, hain zuzen ere, horrelako momentuetarako. Eta gaineratu zuen: “elkarrekin sortu dugu erredakzio digitalik onena, eta hori ere justu momentu honetarako egin genuen”.

Kanpora ere eman zuen mezua Arthur Sulzbergerrek, Jr-k eta Dean Baquet-ek: “gure lana da AEBz informatzea modu zintzoan, beldur eta faboritismorik gabe, beti ulertzen saiatuz eta lekua egiten perspektiba politiko guztiei eta baita istorioetan aterako ditugun bizi-esperientziei”.

Horrek, eragin zuen hurrengo egunetik bertatik: Harpidetzek gora egin zuten, bai paperean eta bereziki, digitalean. 132.000 harpidedun hilabete bakarrean, zeramaten harpidetza erritmoa hamarkoiztuz.

Eta beste ondorio bat ere bai. Donald Trumpi elkarrizketa egin zion Timesek. Kostata, atzera ere bota zuen-eta elkarrizketa presidente izan ostean, baina azkenean egin egin zioten:

  • Galdera Sulzbergerrek: Well, thark you very much for this. Really appreciate this.
  • Trump: Thank you all, very much, it is a great honor. I will say, The Times is, it is great, great American jewel. A world jewel. And I hope we can all get allong. We are looking for the same thing, and I hope we can all get along well.

Ameriketako harribitxi bat dela Times, alegia, mundu mailako harribitxia. Arrazoia, seguruen, Trumpek, nahiz eta gutxi iraun zion uste horrek.

“Hedabideek egia ezkutatzen dute. AEBrako arriskua dira. Broma baten bihurtu da The failing @nytimes. Antzeratsu @CNN. Tristea.” dio Trumpek.

Boteretik hedabideetan eragin gura duenak ez du maite hizki larrietako KAZETARITZA.

OH.: Ismael Nafríak idatzitako “La reinvención de The New York Times” liburutik aterata daude berbarik gehienak,itzulpen libre-librean blogeratuak hemen, neure iritzia tartekatuz.

PUNTUA: `#datsegit´ eta `#damolakit´

Askok kontrakoa pentsatuko badu ere, nik gainontzeko harpidedunekin batera irakurtzen dut PUNTUA, normalean; beti, inprentara bidali ostean. Horregatik ere, besteak beste, gogoz hartzen dut papera eskuetan. Bai, papera. Hilko zela uste zen hori.
 
Gustuko dut buzoitik jaso eta lankideek asmatzen dutela ikustea bai edukietan eta bai diseinuan. 100 zenbakitan izango dira milaka kolaboratzaile, milaka aurpegi. Gustuko dut askotariko jendea agertzeko egiten den ahalegina, ez da-eta erraza: ideologiak, gustuak, edadeak, joerak… Artikulu arinak zein sakonak, serioak zein umorezkoak, autoen motor zaratadunak eta ondare isilak, herri txiki eta handiak, diziplina ezberdinetako artistak, oso gertuko koplak eta urrunekoak izanagatik gerturatutako errealitateak, pertsona txiki handiak eta handi umilak, moda orrietan halako eta bestelako neurriak, liburu gomendioak eta errezetak, jatetxeen plater elaboratuak eta txorizo-arrautzak, gaixoak eta medikuak, sindikalistak eta enpresaburuak, umeendako jolasak eta jubilatuendako gomendioak… istorioak, istorio onak, pertsona zentroan duten istorio interesgarriak asko.
 
Bereziki, bezeroon gogoak asetzeko saiakera da lankideei gehien eskertzen diedana. Berebiziko garrantzia eman genion aldizkari hau sortu
aurretik bazkideek zer gura zuten entzuteari, bezeroa erdigunean izatea izan da eta izango da Goienaren marka. PUNTUAk horixe du sortze-indar, bezeroei zer gura duten galdetu eta zerbitzua eman izana. Klubeko parte izateko aukera hemendik.
 
Goiena Komunikazio Taldea sortu genuenetik pasatu dira 17 urte eta ezin genuen imajinatu ere egin holako produkturik egin ahal izango genuenik. Komunitatean astero sortzen dugun agerkari hau kalitatezkoa da argitaratutako 100 zenbakietan. Goiena Kluba martxan jarri eta horko 4.100 bazkideei esker da posible PUNTUA osasuntsu eta interesgarri izatea. Hau egiteko laguntza jasotzen dugu Gipuzkoako Foru Aldunditik eta
Eusko Jaurlaritzatik ere, baina ezinbestekoena da bazkideen babesa, urtero-urtero konfiantza berritzen duzuenona. Poliki, baina gero eta gehiago gara. Jende gaztea ari da klubeko kide egiten, baita Portugaleteko Udal Euskaltegia; Bilboko eta Durangoko kafe antzokiak; Bartzelonako Euskal Etxea; Kordoba, Salamanca, Alacant eta Tarascongo espetxeetan ere irakurtzen dute; Koldo Mitxelena zein beste liburutegi mordoxka batean;
mediku-kontsultetan… eta, PUNTUAren zero zenbakian esaten genuen moduan, haginlariaren itxarongelan ere topatuko duzu, Pronto edo Lecturas-en ondoan, bai, itxarongela horretako jabeak jakin baitaki Debagoienean asko irakurtzen dela gertuko informazioa. Eta non ez! Bazkide
guzti-guztiok zuen gakoa sartu eta GOIENA aplikazioan ere baduzue irakurgai. Bai, bai, oso-osorik zuen eskuko telefonoetan, tabletan zein ordenagailuan. App Store-n eta Play Store-n.
 
Iñaki Peñari, gaiak osasuntsu lantzea gustatzen zaio; Lourdes Martinezi, iritziak traba barik ematea; Maddi Iñarrari, euskaratik eta euskaraz egitea; Mikel Gonzalezi, bestelako ikusPuntua interesatzen zaio; Ane Irazabali, munduko txoko askotara hurbiltzea; Juan Martin Elexpururi, pertsona askoren ikuspuntua ematea; Imanol Biaini, naturak eta ingurumenak euskararekin bat egitea; Ana Revueltari, dendetako %10eko deskontuak zaizkio erakargarri…
Mila mundu eta puntu. Bizi ditugun parekidetasuna eta euskaltzaletasuna dira orriotan topatzen ditudan beste bi gai. Esplizituki batzuetan, eta zehar lerro moduan gehienetan. Seguruenik, batak bestearen diskurtsotik eta besteak batarenetik edaten duen bikotea da.
 
Gustuko dut lankideek egiten duten lana, eta lantalde honetako parte izatea harrotasunez bizi dut. Eta horri kolaboratzaileak eta bazkideak gehituta… ezin zitekeen kalitate txarreko produkturik argitaratu komunitate lanetik; #damolakit eta #datsegit. Eta zer demonio, lotsa barik: #daproposat
.

Zuntz optikoa eta sats usaina

Gaur irakurri dut lankide batek idatzitako albiste hau: Banda zabal ultra azkarra Gipuzkoako heri txikietara ere helduko da Eta neure artean pentsatu dut: ufff, berriz kopla honekin: gorotz usaina, herri txikiak, kortak, kablea… Marmotaren eguna?

Elgetan sare libre bat (2012)

Azkenengo aldiz, herrian wifia bazetorrela-eta ere jo genuen kanpaia. Bazetorrela eta bazetorrela… eta zain jarraitzen dugu. Orain dela bost bat urte esan ziguten “Proiektu honetan herritarrek erabakitzen dute, ez operadoreek”. Eta udalak, herriak, onartu ere egin zuen guifi.net-i bidea zabaltzea. Gaur arte. Batzuetan, herriko plazan dago erabilgai wifia, ez gehiago, tamalez. Etorriko dela, etorriko dela… ia, proiektu polita zen.

Banda zabal ultra azkarra Gipuzkoako herri txikietan (2017)

Gipuzkoako Diputatu Nagusiak prentsa aurrekoa egin du Larraulgo esnetarako behi ustiategi batean. Olanok adierazi duenez, “proiektu honek ustiategi eta enpresei eskainiko dizkien onurak” irudikatzeko egin dute han aurkezpena. Eta hori irakurri eta gogoratu naiz 2002. urtean, Goiena ere tartean zela,  osatu zen e-debagoiena proiektuaz.

e-debagoiena (2002)

Gatzagako alkate Joxerra Agirreurretarengandik desio tonuan entzun genuen hau (hitzaldi osoa Sustatun): Hiru gauza eskatzen dizkiot e-debagoiena proiektuari:

  • bat: Gatzaga hari elektrikoarekin lehengoz kableatu genuenean, kableari simaur usaina zerion. Oraingo kableatu honi ere horixe eskatzen diot simaur usaina izan dezala, hau da, gure ikuiluetaraino sar dadila, geure premietara egokitu dadila, eta gure beharretatik hurbil egon dadila.
  • Bi: euskaraz hitz egin dezala, beste hizkuntzetan ere lan egin dezala jakina, baina, ziurta dakigula euskaldunoi liburuetan agertzeko oso berandu arte eduki ez genuen eskubidea.
  • Hiru: irekia izan dadila, hau da, agenteak, egileak, proposatzaileak eta berri emaileak ez daitezela beti udalak, unibertsitateak edota instituzioak izan; herritar orok izan dezala jakintzaren euskarri horretara jotzeko eskubidea .

Amaitzeko, zioen Agirreurretak: “Urteek esango digute, gaur gaurkoz, asmo hutsa dena hezurmamitzeko zein neurritaraino gauza izan garen eta garai berrietara teknologia berriekin egokitzeko zenbateko trebezia erakutsi dugun”. Eta urteek esan dute.

Alkateak, irizpide onez, “egingo zela” esan baino “urteak pasa ostean neurtuko” genuela esan zuen.

Marmotaren eguna filmakoa berriz bizi izango dugun? Gaur gaurkoz itxarotea baino ez zaigu geratzen… eta esango nuke ez gaudela beste 15 urte zain egoteko moduan. Mundua bizkor doa, bizkorregi, berriz ere gorotzarekin bakarrik geratzeko.

Post-egia eta proiektu sozio-politikoki beregaina

Bizi izan dugu anonimo batek hasi eta beste hainbat anonimok jarraitutako protesta-mezu kate bat, edo “zein gaiztoak diren horiek” markatzeko saiakera bat. Guk egindako akats humano batean oinarritu eta edozer esateko atea zabaldu da horrela. Baita diru-laguntzen gaiarekin lotsa barik lotzekoa ere, pentsa!

Eta kate horretara apuntatu dira apuntatu direnak. Asko anonimoak, baita izen-abizendunen bat ere. Kazetaritza gremiokorik inor ere ez, espero nuen moduan. Batzuk zuzenketaren berri ere eman dutenak jakiteaz bat (eskerrik asko), beste batzuk geratu direnak lehenengo kolpearekin eta kolpatzearekin. Errorea konpondu eta ordu dezente gerora ere dale eta dale beste batzuk. Oraindik ere egongo da norbait plastatekoren bat emateko gogoz idatziko duena. Denetik dago eta egongo da eta nik errespetuz jasotzen ditut denak. Den-denak, erabili duten formularekin ados egon zein ez.

Zergatik gertatzen ote den… Ia jendea zain dagoen barreran arma kargatuta… Edo ze demontre gertatzen den… Eta hara! Gaiaz genbiltzala barneko mezu-trukean lagun batek gogorarazi dit post-truth izan dela hautatua 2016ko berba internazionaltzat.

Oxford hiztegiak onartutako neologismo honek esan nahi du, gutxi gora-behera, eta nire ulerkerara, horrelako zerbait:

Iritzi publikoan gertakariak berak gutxiago eragiten duenean norbere sinismen eta emozioek baino. Post-truh bat izan daiteke gezur bat egiatzat hartua edota baita, harantzago eramanez, gezur bat gezurtzat hartua izan eta sinismen moduan indartua denean.

Adibide konkretura ekarrita, anonimo batek esaten du Goiena errausketaren alde dagoela eta post-truth hori geratzen da iltzatuta batzuen buruan nahiz eta Goienak zuzendu, akatsa onartu publikoki, gure jardunbide “historikoa” hitzarekiko zein den bistakoa den…  

Gutxi edo asko diren baieztapen hori egiten dutenak norbere sinismenen arabera ere izango da… Pertzeptzioak… Ez dakit gutxi edo asko diren, beraz. Baina bai badakidana da Aztikerreko inkesten arabera oso-oso gutxi direla Goiena lerrokatuta daudela diotenak. Debagoiendarrek diotenez, “Goiena ez dago ideologia edo indar ekonomiko jakin bati lerrokatuta, %72aren ustez.”

“Gaitz” hau, post-egiarena, gertatuko zen orain dela dozena bat urte ere, baina orain, tuit bat nahikoa da edozeini egozteko hau edo hori dela. Edo zehatzago, hemengo edo hango dela. Sua legetxe zabaltzen dira horrelakoak. Gaur gorri, etzi berde eta behar balitz baita biharamunean beltz ere izendatuko zaituzte. Edota bata zein bestea moduan etiketatu egoera eta egunaren arabera. Gehitu horri koadriletako whatsappeoa eta… Braust!  Hortxe POST-EGIA.

Irakurleak ulertu dezan, errauste plantari deitu diogu albiste batean “Ingurumen Zentro”, hau da, GFAk idatzitako prentsa-oharrari jarraiki idatzi dugu albistean horixe. GFAk horrela deitzen dio. Eta klaro, irakurlea eta kazetariak ere inozoak ez direnez, konturatzeaz bat erraustegia berbarengatik aldatu dugu argitaratuta zegoena (eskerrak papererako “Lasaiago-edo” idatzi genezakeen Internetek eskatzen duen azkartasunaren aldean). Hori bai, webgunean egon da holaxe denbora bat, guk nahi baino gehiago, dena esatera.

Zer ikasi dugu hemendik?

  • Hanka sartuko dugu aurrerago ere. Hori, zoritxarrez, humanook dugun defektua da: eskerrak! Ikasi dugu eta onartu dezagun berriz gertatuko dela.
  • Eta zelan jokatu hurrengo baten? ba berdin. Orain jokatu dugun moduan. Pauso txki batzuk:
    • Laprast egin dugula konturatu.
    • Onartu eta segituan aldatu. Konpondu.
    • Konpontzeaz gain oker egin dugula publikoki esan, oker egin dugun leku horretan bertan.
    • Ahalik eta gutxien hanka sartzeko bideak jarri.
  • Bergogoratu prentsa-oharrak, hemengoak eta hangoak, denak, alde batek idatziak izaten direla eta lantxo bat egin beharra egoten dela horiek komunikagarriago egiteko.
  • Prentsa oharreko berbak erabiltzea ok. Hori bai, sinatzailearen ahotan.
  • Lehendik daramagun politikarekin jarraitu anonimoekin. Kasu egitea bueno, mezuaren eduki eta moduaren arabera. Baina, erantzunik ez.
  • Post-egiak min eman lezake. Kontuan hartu, baina lana serio eginda erakutsi gure proiektua sozio-politikoki beregaina dela. Hiztun komunitatea dela gure bezeroa, izen-abizenduna eta gure kasuan gertu-gertukoa.

Jabekideak euskalgintzan

Horixe izan da gaur Topaldian egin dudan berbaldiaren titulua. Jakinekoa da kooperatiba zalea naizela eta siniste horretatik esan ditut esan beharrekoak. Besteak beste, jarduna kooperatibizatzea erreminta ona dela esan diet bai euskaltzaleen topaguneei, elkarteei, kontseiluei, taldeei edo gura moduan deitzen diren lagun osakerei forma egoki bat ematen zaiela iruditzen baitzait. Zertarako?

  • Bisio konpartitua izateko osakera horretako pertsonek, hau da,  nora goazen adostua izateko.
  • Estrategia ere adostua izan dadin 3-4 urterako.
  • Kudeaketa plan onartuak izan daitezen urteroko batzarrean.

Eta eman dut nire ustea esanez kudeaketaren egunerokoa egin beharko luketela lankide profesionalek. Hau da, zuzendaritza militanteak izateak badakartzala ondorio negatiboak ere. Ekintza, beraz, egitea, profesionala izan behar dela 2017an iraunkorra izan behar bada. Horretarako, formula instituzionala barnebiltzen duen egituraren onurak aipatu ditut: kogestioa, azken finean. Deskonfiantzak txikitzeko metodotzat azaldu dut. Kontra-adibide errealak izan ditut buruan: 1.000 eurora heltzen ez diren kudeaketa lanpostuak, kudeaketaz jantzita egon ez arren hautatu diren zuzendariak, ahal denean batzen diren zuzendaritza fartsa horiek, alderdiaren txontxongilo den elkarte hori, “ezer” jokoan izan barik erabakiak hartzera hausartzen diren hilebetean behingo (onenean) bilerak… Denak izen abizendun elkarteak, zer pentsatu handia eman didatenak gaur egin dudan hitzaldiaren aurretik. Zer pentsatua ematen didaten moduan zereko zera hori osatzen duten pertsonek. Baldintza negargarrietan lanean dabiltzan horiexek zuzendaritza ez profesionalek zalantzazko proiektuak haizatzen dituzen bitartean.

Hala ere, eta gaurko hitzaldian lotsaz-edo esan ez dudan arren, hitzaldiaren eraikuntza osoa oinarritu dut joan berri den soziologo batek esandakoetan, Zygmun Baumanengan. Puntua ematea zor diot.

Hark errealitate likidoaz egin zuen hausnarketa, eta zioen: “Errealitate likidoaren arazoa da, oso zaila dela pronostikatzea nola egin aurre arazo berriei. Datorren ezer ez dela ezaguna…” Eta hortxe, hortxe topatu dut hizkuntzaren bueltan osatuta dauden elkartzeen eta elkartutako horien zuzendaritzen azalpenerako gakoa. Gure elkarte-bizitzako zuzendaritza ez-profesionalena ez da ezezaguna euskaltzaleontzat pronostikatzen gatx diren arazoak izan daitezkeen moduan. Errealitate solidoa dela ere esango nuke, baina nire iritzirako beti ere, hautsi beharreko solidotasunaren adibide dira. Emankorra eta iraunkorra izango litzateke zuzendaritzak profesionalizatzea:

Inplikatuak (edo txitxirioak jokatzen dituzten lankideak) militante izatea egunerokoan, baina militanteak inplikatzea bisio eta estrategian, ez eguneroko kudeaketan.

Horixe esateko behar izan ditut 30 minutu, irakurriz 3 minutuan esana zegoena.