New York Timeseko argitaratzaileak, Sulzberger-ek esan die ikasleei Chicagon, eta balio lezake hemengo edozein ikastetxetan esateko ere, edozein unibertsitatetan errepikatzeko. Baita ikasle ez direnendako ere. Ez dakit gomendioa den, aldarria, nahia… baina guztiz bat egiten dut esan duenarekin: “Ez dauka zertan izan Times, izan daiteke edozein hedabide lan independentea eta originala egiten duena eta zuen konfiantza merezi duena”. Esaldi bakarrean independentea, originala eta konfiantza.
Berriz ere nabarmendua geratzen da independentzia editorialaren beharra.
Egunotan kanpainan ari dira Espainian saldu eta saldu; Euskal Herriko alderdiak ere “egingoduguka”. Eta bakoitza mimatuago dagoen hedabidearen informatzeko moldea irakurri eta geratu daiteke bat pozik, baina ez derrigor informatuta. Eta pozik egotea ere ez da txarra eta konbentzituenak bilatuko dute horixe, akaso. Beude pozik. Mota guztietako hedabideendako dago lekua erosleak dauden artean. Hala ere, zein inportantea den editorial ahalik eta independenteena duten medioetan informatzea.
Times-etik gehien errepikatzen duten terminoa da editoriala aipatzean: independentea. Behin eta berriz elkarrizketa honetan ere.
Denbora
Badago gai bat, elkarrizketan agertzen ez dena eta informatua izatearekin zerikusi zuzena duena eta da: denbora. Gero eta patxada gutxiagoz ikusi eta irakurtzen dugu, gero eta kalitatezko denbora gutxiago eskaintzen zaio informatzeari. Eta informatzea bera ere ez da derrigor lotzen kazetaritzarekin, tamalez. Horrek bai, horrek ematen dit zer pentsatua. Informatzea ez da kontu erraza kazetaritza zer den ere ez dakien jendearen bideo azkar eta motzetatik. Ez da gauza bera informatu nahi izatea, pozik lagatzea hartzailea, azukre dosiak emanez eustea scrollean… Denbora bada aldagai inportante bat eta formatua ere bai. Gogora datorkit gaia ze trans pertsonen gainean monografiko bat ateratzera goaz astean eta baita euskal eszenaz puntako bi artistekin egindako ordubeteko telebista pieza bat. Denbora behar da horiek egiteko eta ondoren hatz mugimendu hutsa baino gehixeago horiek ikusi eta hausnartzeko, papera hartu eta irakurtzeko, bideoak ikusteko. Denbora. Gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabe hori. Axularrek esan zigun: “Ezta munduan gauza preziatuagorik denbora baiño, ordea ai, ezta egungo egunean gauza eztheusagorik edireiten”.
Times-etik eskatu zieten ikasleei hedabideak babesteko, erosteko, kide izateko; Times izan edo beste bat. Babestea da gai inportanteetan informatua egoteko modurik onena. Gehituko nioke denbora eskaintzea ere.




