Post-egia eta proiektu sozio-politikoki beregaina

Bizi izan dugu anonimo batek hasi eta beste hainbat anonimok jarraitutako protesta-mezu kate bat, edo “zein gaiztoak diren horiek” markatzeko saiakera bat. Guk egindako akats humano batean oinarritu eta edozer esateko atea zabaldu da horrela. Baita diru-laguntzen gaiarekin lotsa barik lotzekoa ere, pentsa!

Eta kate horretara apuntatu dira apuntatu direnak. Asko anonimoak, baita izen-abizendunen bat ere. Kazetaritza gremiokorik inor ere ez, espero nuen moduan. Batzuk zuzenketaren berri ere eman dutenak jakiteaz bat (eskerrik asko), beste batzuk geratu direnak lehenengo kolpearekin eta kolpatzearekin. Errorea konpondu eta ordu dezente gerora ere dale eta dale beste batzuk. Oraindik ere egongo da norbait plastatekoren bat emateko gogoz idatziko duena. Denetik dago eta egongo da eta nik errespetuz jasotzen ditut denak. Den-denak, erabili duten formularekin ados egon zein ez.

Zergatik gertatzen ote den… Ia jendea zain dagoen barreran arma kargatuta… Edo ze demontre gertatzen den… Eta hara! Gaiaz genbiltzala barneko mezu-trukean lagun batek gogorarazi dit post-truth izan dela hautatua 2016ko berba internazionaltzat.

Oxford hiztegiak onartutako neologismo honek esan nahi du, gutxi gora-behera, eta nire ulerkerara, horrelako zerbait:

Iritzi publikoan gertakariak berak gutxiago eragiten duenean norbere sinismen eta emozioek baino. Post-truh bat izan daiteke gezur bat egiatzat hartua edota baita, harantzago eramanez, gezur bat gezurtzat hartua izan eta sinismen moduan indartua denean.

Adibide konkretura ekarrita, anonimo batek esaten du Goiena errausketaren alde dagoela eta post-truth hori geratzen da iltzatuta batzuen buruan nahiz eta Goienak zuzendu, akatsa onartu publikoki, gure jardunbide “historikoa” hitzarekiko zein den bistakoa den…  

Gutxi edo asko diren baieztapen hori egiten dutenak norbere sinismenen arabera ere izango da… Pertzeptzioak… Ez dakit gutxi edo asko diren, beraz. Baina bai badakidana da Aztikerreko inkesten arabera oso-oso gutxi direla Goiena lerrokatuta daudela diotenak. Debagoiendarrek diotenez, “Goiena ez dago ideologia edo indar ekonomiko jakin bati lerrokatuta, %72aren ustez.”

“Gaitz” hau, post-egiarena, gertatuko zen orain dela dozena bat urte ere, baina orain, tuit bat nahikoa da edozeini egozteko hau edo hori dela. Edo zehatzago, hemengo edo hango dela. Sua legetxe zabaltzen dira horrelakoak. Gaur gorri, etzi berde eta behar balitz baita biharamunean beltz ere izendatuko zaituzte. Edota bata zein bestea moduan etiketatu egoera eta egunaren arabera. Gehitu horri koadriletako whatsappeoa eta… Braust!  Hortxe POST-EGIA.

Irakurleak ulertu dezan, errauste plantari deitu diogu albiste batean “Ingurumen Zentro”, hau da, GFAk idatzitako prentsa-oharrari jarraiki idatzi dugu albistean horixe. GFAk horrela deitzen dio. Eta klaro, irakurlea eta kazetariak ere inozoak ez direnez, konturatzeaz bat erraustegia berbarengatik aldatu dugu argitaratuta zegoena (eskerrak papererako “Lasaiago-edo” idatzi genezakeen Internetek eskatzen duen azkartasunaren aldean). Hori bai, webgunean egon da holaxe denbora bat, guk nahi baino gehiago, dena esatera.

Zer ikasi dugu hemendik?

  • Hanka sartuko dugu aurrerago ere. Hori, zoritxarrez, humanook dugun defektua da: eskerrak! Ikasi dugu eta onartu dezagun berriz gertatuko dela.
  • Eta zelan jokatu hurrengo baten? ba berdin. Orain jokatu dugun moduan. Pauso txki batzuk:
    • Laprast egin dugula konturatu.
    • Onartu eta segituan aldatu. Konpondu.
    • Konpontzeaz gain oker egin dugula publikoki esan, oker egin dugun leku horretan bertan.
    • Ahalik eta gutxien hanka sartzeko bideak jarri.
  • Bergogoratu prentsa-oharrak, hemengoak eta hangoak, denak, alde batek idatziak izaten direla eta lantxo bat egin beharra egoten dela horiek komunikagarriago egiteko.
  • Prentsa oharreko berbak erabiltzea ok. Hori bai, sinatzailearen ahotan.
  • Lehendik daramagun politikarekin jarraitu anonimoekin. Kasu egitea bueno, mezuaren eduki eta moduaren arabera. Baina, erantzunik ez.
  • Post-egiak min eman lezake. Kontuan hartu, baina lana serio eginda erakutsi gure proiektua sozio-politikoki beregaina dela. Hiztun komunitatea dela gure bezeroa, izen-abizenduna eta gure kasuan gertu-gertukoa.

One comment on “Post-egia eta proiektu sozio-politikoki beregaina

  1. Maria(e)k dio:

    Ez da maiz gertatzen, horrelako argibide zintzoak irakurtzeko aukera izatea. Horrek erakusten du Goienaren maila. Jarraitu lanean horrelako zintzotasunarekin. Hanka sartzen dela onartzeak asko esan gura du.

Utzi erantzuna Maria(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude