Zuntz optikoa eta sats usaina

Gaur irakurri dut lankide batek idatzitako albiste hau: Banda zabal ultra azkarra Gipuzkoako heri txikietara ere helduko da Eta neure artean pentsatu dut: ufff, berriz kopla honekin: gorotz usaina, herri txikiak, kortak, kablea… Marmotaren eguna?

Elgetan sare libre bat (2012)

Azkenengo aldiz, herrian wifia bazetorrela-eta ere jo genuen kanpaia. Bazetorrela eta bazetorrela… eta zain jarraitzen dugu. Orain dela bost bat urte esan ziguten “Proiektu honetan herritarrek erabakitzen dute, ez operadoreek”. Eta udalak, herriak, onartu ere egin zuen guifi.net-i bidea zabaltzea. Gaur arte. Batzuetan, herriko plazan dago erabilgai wifia, ez gehiago, tamalez. Etorriko dela, etorriko dela… ia, proiektu polita zen.

Banda zabal ultra azkarra Gipuzkoako herri txikietan (2017)

Gipuzkoako Diputatu Nagusiak prentsa aurrekoa egin du Larraulgo esnetarako behi ustiategi batean. Olanok adierazi duenez, “proiektu honek ustiategi eta enpresei eskainiko dizkien onurak” irudikatzeko egin dute han aurkezpena. Eta hori irakurri eta gogoratu naiz 2002. urtean, Goiena ere tartean zela,  osatu zen e-debagoiena proiektuaz.

e-debagoiena (2002)

Gatzagako alkate Joxerra Agirreurretarengandik desio tonuan entzun genuen hau (hitzaldi osoa Sustatun): Hiru gauza eskatzen dizkiot e-debagoiena proiektuari:

  • bat: Gatzaga hari elektrikoarekin lehengoz kableatu genuenean, kableari simaur usaina zerion. Oraingo kableatu honi ere horixe eskatzen diot simaur usaina izan dezala, hau da, gure ikuiluetaraino sar dadila, geure premietara egokitu dadila, eta gure beharretatik hurbil egon dadila.
  • Bi: euskaraz hitz egin dezala, beste hizkuntzetan ere lan egin dezala jakina, baina, ziurta dakigula euskaldunoi liburuetan agertzeko oso berandu arte eduki ez genuen eskubidea.
  • Hiru: irekia izan dadila, hau da, agenteak, egileak, proposatzaileak eta berri emaileak ez daitezela beti udalak, unibertsitateak edota instituzioak izan; herritar orok izan dezala jakintzaren euskarri horretara jotzeko eskubidea .

Amaitzeko, zioen Agirreurretak: “Urteek esango digute, gaur gaurkoz, asmo hutsa dena hezurmamitzeko zein neurritaraino gauza izan garen eta garai berrietara teknologia berriekin egokitzeko zenbateko trebezia erakutsi dugun”. Eta urteek esan dute.

Alkateak, irizpide onez, “egingo zela” esan baino “urteak pasa ostean neurtuko” genuela esan zuen.

Marmotaren eguna filmakoa berriz bizi izango dugun? Gaur gaurkoz itxarotea baino ez zaigu geratzen… eta esango nuke ez gaudela beste 15 urte zain egoteko moduan. Mundua bizkor doa, bizkorregi, berriz ere gorotzarekin bakarrik geratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude