Debagoiendar queer asanblada

Barka titularra bihurritzea, sarrerak irakurtzeko idazten dira-eta… 🙂 Euskaltzaindiak beste baldekada bat berba onartu ditu. Batzuk onartu, beste batzuk moldatu, beste batzuk eguneratu… Atentzioa deitu didate hainbatek. Eta horien artean daude:

Asanblada

Zergatik? ba gazteago eta eztakitzerrago nintzen garaian, euskal filologian nenbilela, liluratu gintuelako Sarasolak “Euskara batuaren ajeak” liburuarekin: ” Asanblada. Espainol mozorrotuaren mukuru hau erruz erabiltzen da oraindik, edozein moduz idazten dutenen artean, eta erruz ikusten da hormetan eta, euskaraz ez dakitenen eskutik. Hitzak tradizio ezin urriagoa du, are Frantziako Legebiltzarra izendatzeko. Hortik kanpo ezta arrastorik ere”. 1997. urtea zen… Harrezkero, arrastoa heldu da hormetatik Euskaltzaindiaren hiztegiraino.

Debagoiendar

Zenbat poztu naizen! Orain dela 20 urte ez zen posible. Nago, egin duela hedabideetatik hiztegira, baina ez bakarrik. Politikarien adierazpen askotan dago, elkarteetako ordezkarienetan eta baita kalean. Debagoiendar, debabarrendar, beterritarTxantxiku ere hiztegiratu da, zoologiako sarrera moduan. Pozik irudikatu ditut debagoiendar batzuk, sekula baino debagoiendarragoak diren horiek, eta ez Elorregiko biribilguneagatik bakarrik.
debagoiendar berbaren adibidea Goienako kazetari batek idatzitako albiste batetik hartu dute, 2017ko albiste batetik: https://goiena.eus/debagoiena/1496399830280-bigarren-saria-arizmendi-ikastolako-abesbatzarentzat Arizmendi ikastolakoen adibidetik dator Euskaltzaindiaren hiztegira debagoiendar hitza, beraz.
Goiena komunikazio taldearen izena ere Euskaltzaindiak egindako eguneratze batetik heldu zen. Garaia zen bueltaka zebilen berba eta baita Urbia ere, pentsa! Baina momentu onean heldu zen Euskaltzaindiaren erabakia eta txintxo-txintxo erabakitakoaren zabalkundea egin da. Akademiak lortua du guztion errespetua eta ederra da hori euskaldunondako. Goienak eman du zeresana eta egin du bidea.
Goien sarrera ere egunotan eguneratu dute: “azken eguneraketa 2021-07-09”.
Beharbada, egunotan onartu diren arren zaharruno usaina dutenak ere badaude: nezeser-ek eman dit zer pentsatua, edo peripatetiko berbak. Enterradore berba ere onartu du Euskaltzaindiak sekula baino lan gutxiago duen ofiziorako. Eta ez, zaharruno ez dago onartuta oraindik.

Putakeria

Sarrera berria hiztegian. Eta gogoratu naiz Tokikomeko aldizkari bateko kide batek esan zidanaz berba hori eposta batean erabili nuen haserrealdi batean: “Iban, putakeria eskapatu zaizu teklatutik, eta burutik ateratzeko hitza da sozialki emakumeak gutxiesteko erabilia izan den kontzeptu den heinean”.  Orain hiztegira joan da nire burutik kentzen nenbilenean. Baziren txakurkeria edo jukutria, baina…

Queer, remake, telelaguntza, heteropatriarkal, zaurgarritasun, biral, patera, chef, estelada, inmatrikulatu, jihadismo… bogan daudenak ere ageri dira. Eta bai, baita koronabirus edo deskonfinamendu, deskonfinatu, entzerratu

Biluztu eta eskumalde moduko berbak gorriz markatzen ditu Xuxenek oraindik. Euskaltzainek bizkaieratik datozenekin eskuzabalago jokatu dutela bistan da, Xuxenek ere ez ditu markatuko laster, seguruenik.

Aldaketak-eta Euskaltzaindiaren webguneko lotura honetan:
https://www.euskaltzaindia.eus/euskaltzaindia/komunikazioa/plazaberri/6138-euskaltzaindiaren-hiztegia-eguneratu-da-eta-azken-sei-hilabeteotan-592-forma-berri-jaso-dira

One comment on “Debagoiendar queer asanblada

  1. Goiena(e)k dio:

    Goiena aldizkarian egin diote elkarrizketa Miriam Urkiari, Euskaltzaindiaren hiztegiko arduradunari. Eta aipatzen ditu eguneraketok. Eta Sukaldatu berbaz ere eman du iritzia:

    Hiztegia eguneratu du Euskaltzaindiak. 592 forma eta 975 moldaketa sartu dituzte. Urkiak dio (Aretxabaleta, 1965) ustea dela Euskaltzaindia beti dabilela erabakiak aldatzen, baina hori ez dela egia.Nola eguneratzen da Euskaltzaindiaren hiztegia?

    Urtean bitan egiten da. Lantalde bat dago eta corpusetan oinarritzen da. Corpus horretan jasotzen da hedabideetan –tartean, Goienan–, ikus-entzunezkoetan, literaturan… argitaratutako material asko, eta aztertzen dira forma berriak. Euskaraz ondo sortutakoak diren ala ez aztertzen da, baina irizpide ia bakarra erabilera da. Proposatutako formak maiztasun handiko erabilera badu eta eremu zabal batean erabiltzen bada, hiztegian sartzen da. Prozesu nahiko luzea da, eta dokumentazio lan sakonekoa. Dena den, forma berriek besteko garrantzia dute –handiagoa, ez esatearren– aurretik onartuta dauden formei ematen zaizkien adiera eta adibide berriek.Eguneraketa honetan 800 inguru direla uste dut.

    ‘Queer’, ‘heteropatriarkal’, ‘binario’, ‘koronabirus’… onartu dituzue. Premia berriak dira?

    Noski. Unean uneko beharrak sortzen dira, eta, erabilerak aztertzen ditugunez, gizartearen atzetik goaz, baina ezin gara joan hogei urte atzetik. Politena, hain zuzen ere, eguneroko beharrei erantzutea da.

    ‘Debagoiendar’ ere sartu duzue, eta adibidea Goienatik hartua da.

    Hala da, eta garrantzitsuak dira leku konkretuetako hizkerak jasotzen dituzten hedabideak. Goiena eredugarria da horretan. Onomastika batzordeak onartu zituen Debagoiena eta Debabarrena. Guk debagoiendar eta debabarrendar ekarri ditugu hiztegira.

    ‘Txantxiku’ hitza ere oraintxe onartu duzue. Bai, tamaina txikiko zapoa adierazteko. Oraingoz, oñatiarrei deitzeko ez. Gure bailaran oso Oñatiko hitza da, baina beste leku batzuetan ere erabiltzen da, eta corpusetan jasota agertzen da. Aldiz, oñatiarrei deitzeko adierak oso-oso dokumentazio gutxi du.

    Gertatu da orain zuzentzat jotzea lehen baztertutako formarik?

    Noski. Tableta hitzak, esaterako, adiera bakarra zuen; txokolatezko tableta. Aurrerantzean, ukipen-pantaila duen ordenagailu eramangarri txikia ere bada. Gero daude asanblada, gobernantza, nezeser, binario, angustia… Erdaratik hartutako hitzak direla esango dute batzuek, baina oso erabiliak dira, eta adiera jakin batzuetarako onartu ditugu. Zorionez, erabilera-datu objektiboekin funtzionatzen dugu, eta ez dugu guk erabakitzen.

    Orduan, asko erabiltzen bada, edozerk balio du?Sakon aztertzen dira proposamen guztiak. Esaterako, hainbat markarekin bada ere –hegoaldekoa, lagunartekoa…–, sartu ditugu portzierto eta dedio. Zeinek ez du portzierto esaten? Baina Euskaltzaindiak proposatzen duenean, edozein gauza sartzen dela pentsatzen da. Patera hitza ere sartu dugu. Patera bat txalupa bat da, baina gauza bera irudikatzen dugu entzuten dugunean “paterak etorri dira Mediterraneotik” eta “txalupak etorri dira Mediterraneotik”?

    ‘Sukaldatu’ formari buruz bi hitz.

    Asko erabiltzen da, baina ez daukagu sartuta. Euskara itxura osoa du, baina tradizio idatzian dagoena kozinatu da. Uneren batean, ziur asko, ez dugu beste erremediorik edukiko eta sartu egin beharko dugu, baina osaera ere ez da oso normala. Erratza pasa bezala da; nork esaten du erraztu?

Utzi erantzuna Goiena(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude