Antzerkia eta nor izatea

Gaur ere izan naiz antzerkia ikusten. Elgetan. Horrenbeste ordu pasatako kafe antzokian, Espaloian. Lan gomendagarria. Ondo jokatua eta zeresana baduena. Han hemen emango dena eta ikusleak behar dituena. Larrabetzun hurrengoa, jantokian, 29an; Zumaian ere bai, ekainak 3an. Horiek aipatu dituzte obra amaitzerakoan eta gonbita egiten laguntzea eskatu. Egina.

Eskaintza ona da. Bost profesional taularen gainean: Idoia Hernandez “Hatxe”, Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide eta Iraia Elias.

Txiki zein handi argitan nahi.

Harrapatu naute Lurra erraldoiarekin jolasean hasteaz bat. Hiri buruzagian bizi den Lurrak baditu 3 metro eta 80 zentimetro. 60kgr. Handia da, eta Espaloira ekarri dute txikiagoa, erreplika, gure etxean makina bat jolasetan erabili duguna. Eta argi-itzalen jokoarekin ikusi dugu Lurra itzalean: figura soila, kolore bakoa, lorerik ez, irribarrerik ez; eta ikusi dugu argia lekuz aldatu eta panela atzean jarrita zein itzal handia egiten duen: bistan geratzen den, nork eusten duen ere ikusgai. Uste dut obraren aurre-atzeak erakusten dituela, obrak agerrarazten dituen kontradikzioak, handi-txikiak, ilun-argiak, beltz-koloretsuak. Ezein antzerkik, sarri erakusten dizkigunak, bide batez esanda, eta beti, hutsik egin barik, zer pentsatua ematen digutenak antzezlanak ikustera gerturatzen garenoi. Lurra erraldoiarekin egin dute jolas eta planetako oinarrizko elementuetako horrekin kultura ere halaxe irudikatzea lortu dutela esango nuke. Ezinbesteko.

Benetakotasuna du obrak. Eta egia izan zein ez bigarren mailakoa izanik, badira pasarte bi erakusgarri: Idoia Beratarbidek arte plastikoak gaitzat hartu eta erakusketa baten gertatua kontatzen duenean, bata; bestea,  Iraia Eliasek 2016ko Goya haien biharamun luzea kontatzen duenekoa. Erakargarriak egiten diren istorio bi. Gertukoak, benetakoak.
Aukeratu ezazue: “Txiki edo handi izan nahi zenuke oraintxe?”. Galdera egin dute eta parte hartu dugu. Espaloian geunden zortzi lagunek esan dugu “txiki” eta batek “handi”. Badugu hortik bai. Txikiari egin zaizkio Euskal Herrian gorazarreak: poemetan, kantuan, hitz-aspertuetan… Eta ahaztu egin zaigu handi izateko nahia ere behar genukeela. Beharbada ez handia izateko derrigor, baina bai anbizioarekin jarduteko. Txikitik, bai, baina anbizioarekin. Txikitu egiten baita txikia anbiziorik ezean.

Anonimotasuna ere ekarri dute gai moduan, beharbada anonimotasunaren gorazarrea ere bai zenbait esaldirekin. Espresio bakarreko buru-handiak eman du jokoa. Anonimotasunetik behar ez denik ezin esan, baina nago nor izatea ere aldarrikatzen dela. Bereziki, obraren amaieran. Amaiera erosoagoa egin zait, baita zinta bat eustea bezain gauza xumea ere badelako nor izatea. Gustatu zait mezua. Erosoagoa zait amaiera kultura ekosisteman parteago izan naizenetan; eta, baita, bost euro ordaindu eta txaloak jotzera mugatu dudanean nire egitekoa. Nor izatea, izatea baita. Nor izatea da sortzaile izatea, txaloak jotzea sorkuntzei, argiak jartzea, errifak saltzea, aulkiak jasotzea, antolatzea, komunikatzea, produzitzea, soinu egokia jartzea, bilerak egitea, batzarrak, txandak… Badut ustea nor izate horri egin behar zaiola bultza eta ohitura bihurtu. Nor horretako bakoitzari, txosnako zerbeza kupela aldatzea ere bogan ez dagoen egunotan.

Arantxa Ostatu

Denbora gutxi dela oparitu zion garipaua gure alabari. Urtero egin du bederatzi urtean. Ez gara familiakoak, baina ni neu ere Ostatu tabernan sukalderaino sartzen nintzen 6 urte nituenetik. Balbinak ematen zidan mosto handia eta hango patata tortillak ez zuen parekorik! Balbinak zerabilen taberna familiarekin batera eta haren lekua hartu zuen Arantxak gero. Taberna zahartxo hark herritar asko batzen zituen plaza barrenean, herriko taberna eta pasoko taberna zen aldi berean, eta sasoi batean harategia ere bazuten ondo-ondoan Aretxagatarrek. Tabernan loteria jokatzen zen orduko hartan, futbol-kinielak paperean egin eta paperezko zigiluekin ziurtatzen zen jokatu zela. Sarri ikusi nuen Balbina mingainean zigiluok bustitzen. Ostatuko izkina hori apartekoa zen gu baino nagusiagoendako, ze gure izkina beste bat zen, martzianitoen pantaila bat lehenengo aldiz ikusi genueneko txokoa. Gerora etorriko ziren bolantedun makinak, billarra, martzianito gehiago… Tabernan jaiotako honentzako erreferentzia bat zen metro gutxira zegoen Ostatu. Panaderokuan Bitter Kas zen edari gorria eta Cinzano gehiago edaten ziren Ostatun raba goxo-goxoekin. Klaro, Cinzano boteilla txikien txapak urre-gorria ziren edozein umerendako eta Farias kaxetan gordetzen zizkidan niri Balbinak lehenengo eta Arantxak gero. Pisutsuak izanda urrun joaten ziren txapok eta txikiak izatera zailagoa zen beste txapek talka egitea Cinzano txikiekin.

Ez zen egonkorra ez hango zorua, eta suak hartzeko zorian ere izan zen. Su ematea nahi izan zuten Piper-potoa altare zuen talde antolaturen batek. 1980 uztailean kixkali egingo zen egurrezko etxea lehergailuak eztanda egin balu. Goma 2z osatutako 6 kiloko lehergailua zen. Zorionez, taberna barruan zegoen bezero baten hanka jo zuen artefaktuak eta mekanismoak kale egin zuen. Triskantza izango zen bestela, hogei bat lagun zeuden tabernan.

Ostatu, Panaderokua, Guria, El Zamorano bodega, Martintxo, Lupiren bodega, Mantunekua, Vazquezenekua… Eta esango nuke tabernari izateko modu bat ere desagertu dela horiekin batera. Bezeroen laguna zen tabernaria sarri, konfidentea, psikologoa, adar-jotzailea tokatzen zenean… Ez zen Whatsappez edo Telegrametik geratzen tabernan; tabernariarekin egoten zen bat tragoa partekatzen, eta tragoa hartzen zegoen lagunekin han elkartu. Bilguneak ziren tabernak, eta tabernaria bazen pieza garrantzitsua kuadrilla batzeko ere. Aspaldi amaitu ziren aguazilak txaloak jo eta tabernak ixten zituzteneko garaiak. Aguazil lanak herritarrek hartzea ez da izan onerako aldaketa. Aspaldi desagertu da zenzen-txiki egunez zezentxoren bat ekarri eta herritarrei tabernariek jai bat oparitzen zien eguna. Akabo fandangoa.

2012ko urtarrilaren 1ean itxi zituen Ostatu jatetxeko ateak gure Arantxak. Ostatun lan egin zuen hirugarren belaunaldia izan zen Arantxa eta Juan Andresena. Zenbat haruntz-honuntz Ostatun. Zenbat desorduko jan-edan eta eztabaida. Izan ere, zerbait bazeukan Arantxak haserretzeko kapazitatea zen. Bihotz ona besteko genioa zeukan. Beharbada horrek egiten zuen maitakor ere. Ez zen kolore grisetako emakumea: beltza edo zuri!. Zuri edo beltz hautatzen zuela jakitera ematen zuen beti, gainera. Nahikoa lanekin zebilen aspaldian. Osasuna pattal, bidaia asko medikutara, herriko farmaziara… ez da hilabete harek egindako torradak jan ditugula kuadrillakook, hala ere. Indarrik ez eskuan, baina burua bazuen zeremonietarako. Gudarien bidean bizi izatea ez da kasualitatea, gerrera zen Arantxa eta horrelaxe gogoratuko dugu.

Torrealdea auzoko jaiak ia noiz ospatuko ziren egon ginen komentatzen aurreko astean. Prest zegoen auzotarrei edozertan laguntzeko.  Eta hartuko zuen afari herrikoirako sarrera ere, seguru. Ostatun bertan makina bat bider antolatu ziren bertso-afariak eta gustuko zuen jai-giroa. Espaloia Kafe Antzokiari beti lagundu zion eta kultura ekitaldi askotan hartzen zuen parte. Aurten zenzentxo bat ekartzea nahi zuen herriko jaietarako. Ez zigun behin esan, izan ere, zerbait buruan sartutakoan dale eta dale jarduten zuen, egun bat bai eta hurrengo ikusitakoan berriz. Kuadrillako argazkia azkenengo jaietan atera genuen. Pasio zuen zezen-giroa.
Momentu on asko pasa ditugu Arantxarekin Ostatun eta haserrealditik haserrealdira goxo gogoratuko dugu bihotz oneko izana.

2021eko uztailean 3 “zezen” atera ziren eta entzierroa ere egin genuen Arantxa tartean zela.

oh.: Eskela Goienan

Herriak sortutako artefaktu kulturala: koko-batzea


Goizeko 08:00etan hasi dugu eguna, Ozkarbi elkartean arrautza parea eta txistorra zeuden prest. Ardo goxoa ere bai. Azken ukituak emateko balio izan du gainera. Gerriko bat falta zuena, edo zelan jartzen zen ez zekiena, ia orratzik baden galdetzen zebilena… Elkartzeko modu ona da batera gosaltzea hasiera on bat: gosaldu eta batera.

Goizeko 08:00etako lanak, elkarrekin gosaltzeaz gain.

Goizeko 09:00etan denok prest harrera egiteko hartzari. Hartza! Zer da hori! koko-batzearen izarra da. Jaso dugu txaloka eta berarekin batera joan gara lehenengo baserrira. Tximeletak tripan, ia egunak zer emango duen, ia prestatutakoak ondo dauden, denborak errespetatzerik izango dugun baserritarrei begirunez… Bagoaz! Ia orain dela 90 urte egiten zena gaurkotu eta sendotzerik dugun.

Baserritarrak :Koko-batzearen subjektu inportantea dira baserritarrak. Jasotzaileak eta emaleak 30 minutuko tartean. Ikusten da eskertu egiten dutela herritarrak beraiekin gogoratzea. Bakoitzak duen onenetik jartzen du. Eskea egiten da denetik daukagunean, baina eskeak, 2022an, baserritarren lana baloratzean eta eskertzea izan du helburu. Baserritarrak beren lurretan bisitatzea galduta dago gaur, eta zerbait ikusi badugu da baserritarren aurpegietan poza euren bizilekuetara joatean. Gustatu zaie kontuan hartzea eta kantuan egitea. Baserrietara heldu eta baserritarrei azaldu diegu zertara goazen.

Baserriak: Ezezagun horiek. Pribatuago bihurtuta daude herriko lurretan dauden eraikin eder hauek eta egun honetan publikoago egiten dira zelanbait. Konturatuta geunden herritar askok ez zituztela ez izena ezta kokapena ezagutzen. Herri txiki honen periferia ezagutu dugu bertatik bertara, horrela deitu badakioke. Baserrietako animaliek erakarmen handia izan dute gazteenendako, bereziki. Herritarrak paretik pasatu bai, akaso, baina baserriko atarian sartu, bertakoekin egon…  eta bertakoekin dantzatu ere egin dugu. Baserri zaharrak, eraberrituak asko, baita txalet bihurtuak ere batzuk.

Baserrietako 30 minutuak:

1- Momorroak heltzen dira lehenengo eta ezer baino lehen diosala egin eta eskertzen diegu gure proposamena onartu izana. Izan ere, otsail hasieran banan-banan egon gara baserritarrekin ia ondo deritzoten koko-batzean parte hartzea edo ez jakiteko. Elgetan, lehenengo aldia zen belaunaldi honendako eta hobetsi dugu pertsonalki egotea banan-banan. Baiezkoa eman dutenengana joan gara. Bertan bizi diren baserriak hautatu ditugu eta Elgetako kataia zeharkatzen duen errepidea hautatuta, goiko aldekoak. Momorroek plaza edo atari-aurrea garbitzen dute. Inauteri giroan Euskal Herriko herri bat baino gehiagotan agertzen dira esku batean erratza edota isipua daramaten mozorroak. Bidea ireki edo garbitzen dute gehienek eta Elgetan ere halaxe. Baserrien atarietan erratza pasatzen dute eta baita dantza egin ere tokatzen denean.

2- Kantatzen dugu agur kopla edo hasierako kopla. Aurten, hauexek. Hurrengo urterik balitz joango gara gehitzen eta egokitzen Elgetara. Hasierako eske formula:

Koko-moko, zaria bete moko.Gibel, gibel,afaritarako.Dirua baneuka,patrikarako.

3- Dantza: Foxtrot edo fox trot Estatu Batuetako dantza lotua, konpas bikoa, bat, bi; bat-bi; bat, bi… horrela ibili dira hasierako baserrietan eta azkenerako solte-solte; Foxtrota boladan egon zen XX. mendeko lehendabiziko hamarkadetan; jazz orkestraren musikaz lagunduta dantzatzen zen (wikipediatik jasoa). Hemengoa den? zer da hemengoa eta zer hangoa? Trikitixa bera hemengoa da edo hangoa? Foxtrota bada Elgetakoa koko-eskeari eskerrak. Baita Foxtrotaren ostean baserri guztietan egin dugun arin-arina. Horiek biak baserri guztietan. Eta batzuetan zazpiak jauzi edota chapelloise (polka). Oso ezaguna da. Zergatik den hain ezaguna eta erabilia Euskal Herrian? Erantzun sinplea bezain bitxia dauka horrek… Ezagutu nahi?

4- Baserritarren eskaintza jaso. Gazteenek izan dute egiteko hau Elgetan. Beraiek pasatu dira banastarekin eta baserritarrek nahi zutena eman dute. Eskera da oinarria, baina inori ez zaio ahazten zorionez edo ez hain zorionez denetik dugula eskean joan garen belaunaldiok. Hala ere, jaso ditugu dozena dezente arrautza, porruak, gazta, sagardoa… Baserri batean limoiak ere bai gomendio honekin: “Gin Tonica egiteko ondo etorriko zaizkizue, EA herrikoak dira”. Bai, eguneratua eskaintza ere. Baserri guztien izan dugu jan-edana. Baserrian bertan egindako produktuekin askotan: salda, txorizoa, etxeko bizkotxoak, San Blas opilak, etxeko pastak, frutak, fruitu sikuak, gazta… Eta edateko, kolore guztietako likidoak.

5- Agur kopla. Emateko zutena jaso ostean kopla kantatu diegu.

Hala, hala,hauxe karnabala!Goazen, goazengosetu egin gazela.Hau etxiau luzegorde daixela!

6. Pasakailean joan gara baserritik, pozik joan ere, eta ustez, pozik utzita baserritarra. Joaterakoan azaldu diogu kokoak heldu direla otsailean bere baserri atarira; eta eskeari egoki erantzun dionez opa diogula uzta garaian zomorrorik ez izatea eta uzta oparoa!

7. Hurrengo baserrira: Aurten pasatu ditugu: Jalotza, Albitxu, Altube, San Antonio, Arantzeta, Iturbe, Barrenengua, Larrabil, Larrain eta Kantoikua. Presa barik, eta bakoitzari denbora bat eskainita.

Gure inguruko herrietan erabili dira Santa eskean eta San Nikolasekin kantatu izan diren kantu zatiak. Beharbada gehituko ditugu hurrengoetan:

Egun zuri egun zuri eguna,koko janzteko egina,neska eta mutilak ibiltzeka limosna on baten bila,limosna on baten bila.

Emongo bozu emoizu bestela ezetz esaizu,ate osteko haiziak hartzenamak ez gaitu bialdu.

Koko-batzeko kideak:

Hartza: Euskal Herriko hainbat inauterietan ohikoa da Hartza. Iturenen, Zalduondon, Iruñean Sohütan, Arizkunen, Beskoitzen, Oñatin, Donibane Loitzunen, Biarritzen, Markiña-Xemeinen… ). Hartzak parte hartzen duen inauteri gehienetan protagonismo nagusia bereganatzen du eta Elgetan gainontzeko pertsonaiek harrera egin diote goizeko 09:00etan, Hartza esnatu denean. Elgetako Hartza Elgetan josia da. Egun askoan egon dira ardi-larrua josi eta josi elgetako jostunak. Bereganatu du bai atentzioa Elgetako Hartzak. 

Hartza da koko-batzeko izarra.

Koko-Zuriak, gazteak, etorriko dira mundu zibilizatura, nagusiagoen mundura… ordena dira zuriak eta musikariak. Eta dantzariak ere izaten dira, baina 2022an dantza tradizionala egiten duten egun apurretako bat da. Elgetan lehenengoz egin dute dantza

17-20 urte bitarteko gazteak. Umorea eta indarra dira.

Koko-Beltzak edo masustak: ez hain gazteak, berriz, desmadrea dira. Orden apurtzaileak, libertinajea, luxuria. Zirtolariak dira. Gehixeago dakite, baina ez dute espazio askorik dakiten hori erakusteko. Masustak badakite mugitzen koko-eskean. Masusta izango dira zuriak egunen baten. Transmisioa.

Gaiztakeria dute lagun, eta asko dakite. Anonimoak dira eta baliatzen dute.

Mamarruak: Sakuekin egindako mozorroa da Mamarruena eta Elgetan josiak dira. Elgetakoek eraman dute isipua (zaldi buztana puntan duen makila). Eibarren, esaterako, hauek dira baserrietatik ematen dutena jasotzeko ardura dutenak. Elgetan zurien lana izan da hori, gazteena. Beraien ardura izan da jasotakoa taldean banatzea ere. Mamarruen egiteko printzipala da segizioari bidea zabaltzea. Lehenengo joaten dira. Eta plaza garbitzeko lana ere hartzen dute dantza eta kantua egingo den lekua markatuz.

Goitik behera sakuz estaliak.Argazki honetan domatzailea, hartza eta maskaradunak ere badira hiru. Ezkutuan saki-kartia.

Burburixuak: Burburixo arropa jantzi eta herriko baserrietan zehar ibiltzen dira dantzan eta gaiztakerian. Anonimo izateak ematen dien babesa erabiltzen dute jendearen atzetik joateko. Egurrezko sardea eskutan izaten dute eta zirikatzaileak dira oso. Elgetakoek zintzarriak ere badituzte eta dunba-dunba demasa da eskeak irauten duen denbora guztian. Mamarroen atzetik joaten dira eta zintzarri soinuak balio du baserritarra ohartarazteko ere bagoazela. Lotsa barik ibiltzen dira. Gaiztakerian bai, baina kantuan eta dantzan ere egiten dute ordena emandakoan.

Sasi-kartia: Belar, goroldio, garo, sastraka edo hostoz gorputza estalita agertu ohi dira Euskal Herriko hainbat mozorro. Landareak ere erabiltzen dira, sarri, mozorrotzeko. Gure mugetatik kanpo ere bada ohitura inguruko landaredia erabiltzekoa gorputza estali eta festara irteteko. Ezkutatzeko eta kamuflatzeko ezin hobea da. Eta halaxe egin du Elgetkao Sasi-kartiak. Gorputz osoa huntzez estalita zeraman eta koko-dantzariekin eta beste hainbat mozorrorekin batera ibiltzen da baserriz baserri eskean.

Sasi-kartia ikusten duzu? Zure zain dago!

Herria batuta:

Ba koko-batzeak elkartu ditu herritarrak, izan arren bakoitza bere etxekoa; Koko-batzeak batu ditu herria eta baserriak; Koko batzeak egiten du komunitatea, koko-batzeak eman dio parte hartzaileari giro sanoa, umorezkoa eta librea; dantzarako aitzakia izan da eta dantzan ikasteko ere balio izan du; anonimotasuna ematen du koko-batzeak eta generoa ahazten laguntzen du, esaterako Foxtrota egiterakoan. Ez gara emakume edo gizon, gara koko. Koko-batzeak badakar ez haserretzea, urte guztian berba egin ez duzunarekin berba egitea, Ondo pasatzeak batzen du herria.

Euskara: Izan da beste helburu bat. Bai, udalerri euskalduna da gurea, baina gazteenak erdaraz dihardute. Euskal giroko egun bat zen proposamena eta euskaraz bizitzeko egun bat izan da. Hurrengo urtean gehiago eta hobeto.

Azkena:
Jai hau posible izan da Elgetak baduelako elkarte bat eta urtero kuota ordaintzen duten herritarren laurdena: Elgetako Goibeko Euskaltzaleon Topagunea. Eta ardura hartu du eta jakin du mugitzen behar beharrezkoak izan diren herritarrak: jostunak, erosketak egin dituztenak, bazkariak prestatu dituztenak, autoetan eta kamionetan hara-hona ibili direnak… Eskerrik asko Ozkarbi elkarteari, eskerrak kultura inporta zaion elkarte bat dugun herrian! Gosaria eta bazkaria beraiek prestatu dituzte, zerbitzatu eta ze ondo antolatuta. Baita Udalari, lagundu du diruz musikariak ordaintzen; Eskerrik asko Kezka dantza taldeko Oier Araolazari ere, lagundu digu hitzaldi batekin eta erakusketarako materialarekin. Beste herri batean esnatu da hartza eta herriz herri egiten da Euskal Herria.

Hau da taldea! Parte hartzea da gehien gozatzeko modua.

Dibertimendua, euskara, kultura, tradizioa eta transmisioa artefaktu kulturalaren parte. Urte askotarako!

Abenduak 13, bizitzako egunik txarrena

Urtean zehar joan naiz prestatzen hainbat testu labur. Gaurko zen lehenengoa, urtebetegarrenerako. Asmoa nuen gaur sarrera luzetxo bat ematea blogean eta haren ostean egunero-egunero testu labur bat. Hilabete inguruan.
Ezin dut. Konturatu nintzen ezingo nuela abuztu partean dagoeneko. Ordura arte terapia ere izan zen testuak idaztea, baina derrepentean… kieto! Lanez lepo nabilenetan lepoak krak egiten didanero moduan. Jartzen nintzen ordenagailu aurrean eta aixxx! Atzaparrak ezinean. Zuri ez, hutsik ez; beharbada gris, beteegi eta ezin antolatuz. Ez dakit.
Eta zein da kontua? ba ulertu dut beste urtebete beharko duela “dolu” honek. Beharko dudala. Orratzak mugitzen ikusten jarraitzea falta da. Behar bat da gaur denbora ere bere lekura eramatea. Denbora-ale gehiago behar izango ditut, antza, denboralea pasatzeko. Eskerrak, behinik behin, ingurukook ondo gabiltzan osasunez eta ez den gaur 2020ko abenduaren 13a.

Ohitura da kultura, zorionak Durangoko Azoka!

Azokak eman du berea. On-line eta fisikoa izan da: On-line ez da izan iazkoa zifretan, baina izan da; fisikoa ez da izan orain dela bi urtekoa ere, baina izan da.Azoka egunetan entzun dira egin beharko liratekeenez hainbat jardun, baina errazagoa da stand guztiak zabalik eta txukun daudenean iritziak ematea norberaren burutazioetatik (eta behar propioetatik). Zailagoa behar du izan eguneroko COVID-19 zifrei begira bizitzea azaro osoan eta ehunka enpresaren arnasa sentitzea kolkoan. Arnasa da ardura antolakuntzarendako. Ezina ekinez egin da. Benetan inporta dutenek eskertu dute sortzaileen eta antolatzaileen hautua: BEZEROEK. 

Bezeroa: atetik sartu den pertsona bakoitzak kopuru handiagoa inbertitu du kulturan. Ez beharbada disko honetan, baina bai berri-berria den horretan; ez derrigor liburu honetan, baina bai bestean. Gutxiagok gehiago. Paseanteak baino erosleak izan dira pasiloetan ikusi direnak eta horiek dira edozein azokaren bezero OPIak. Kontzertuetara joaten denari eskertu behar zaion legetxe eskertu behar zaio erostera etorri denari. Eskerrak! 
Ezin ahaztu, hala ere, ikus-entzuleek, hitzaldietan egon direnek, antzerkian egon direnek, ipuin kontaketetan egon diren umeek edota etxetik streaming-ean jarraitu dutenek ere gozatu dutela eta hori hor geratzen da, norberearen diskoraren edo liburuaren salmentak baino harantzago. Zenbat aldiz ikusi da, esaterako, Anariren Platerueneko “Vinu, cantares y amor” ederra?  Milaka batzuk. Zein da horren eragina?

Bide batez, standetan egon diren sortzaile, saltzaile, enpresari eta abarrek zenbat erosi dute gainontzeko standetan? Iaz baino kopuru handiagoa izan da? Orain dela bi urte baino handiagoa? Ez da neurgarria, noski, baina gure mikro-mundo honetan oso inportanteak dira gainontzekoen kontzertuetara doazenak edo gainontzekoen hitzaldiak entzuten dituztenak bezainbeste sormen lanei aukerak ematen dizkienak patrikatik dirutxo batzuk aterata. Eroso erosi ahal izan dute, behintzat, standetan egon direnek gainontzekoen sorkuntzak. 

Argazkiak erakusten du zein gutxik egin behar duten zenbatendako, nolabait.

Plateruenan kontzertua ikusi dutenak, San Agustinen antzezlanak, Zugazan filmak edo Saguganbaran ipuinak, horiek dira ekosistema desiragarria osatzen dutenak, eta, gerora ere, euskal kulturaren parte izango direnak. Parte: izan sortzaile, erosle, ateko zaindari, komunikatzaile edo antolatzaile. Eta parte urte osoan. 

Badakit antolatzaileak standa erosi duten enpresen onerako egin dituztela ahaleginak. Zorionak eta eskerrik asko ematea tokatzen da. Niri horixe ateratzen zait eta ez besterik. Atera da aurrera Durangoko Azoka. Ez zela egingo ere mahai gainean egon zen egun batzuk lehenago, eta alderdi tirabira eskax batzuk ikusi baditut ere egin izana bera da albiste ona. Ustez, denendako. Egin da, zorionez.

Badaude asko saldu dutenak, eta, tamalez, pentsatutako beste saldu ez dutenak ere bai. Ez dut topatu lagun bakar bat ere azoka egin izanaz damututa, baina bai gutxi saldu izanaz kexati. Eta baliteke duela 2 urte beste ez saldu izana, jende kopuruaren eraginez ere bai, baina ez bakarrik. Uste dut momentu ona dela begirada altxatu eta etorkizuneko kulturaren egoeraren nondik norakoaz pentsatzeko. Orain dela bi urte ez da gaur, eta gaurkoa ez da izango bi urte barrukoa. Nik gauza bat daukat argi eta horregatik nire zorionak Gerediaga elkartekoei: 2021ean horrela egin izan ez balitz asko zailduko luke 2022koa eta aurreragokoak. Excelak eta Word-ak gertuago egongo dira aurten azoka egin izanagatik.


Kultura ohitura da
Kulturan errazagoa dirudi, eta izaten da, etxafuegoak bota eta jendea zerura begira jartzea egun eta ordu puntualetan, ekitaldi puntualetan. Arnasa luzekoak eskatzen du erronka konpartitua. Arnas luzekoa da kultura-ohitura. Kultura-ohitura da, hain zuzen, desira eta behar. Kultura-ohiturarako da ona azoka egin izana gune guztiekin. Aurtengoagatik merezi zuen, baina zer esanik ez urte askoan bizirik behar dugun Durangoko Azokarekin pentsatuta. Formatu honek funtzionatu du. Hurrengo urtean gehiago eta hobeto. 

‘Aita, eta orain zer egin behar dugu Julian barik? E?’

Pena handia da, eta galdu arte ez dena konturatu izango da ez dela zerbitzu horren erabiltzailea. Julianek lana utziko du. Galeraren zenbatekoa eta zelakoa dira handiak. Ez dut uste erraz egongo denik beste inork esatea: “gutxiago erosi”. Julian Markiegiren esaldiak dira: “Gaurkoz nahikoa da”, “bihar etorri berriz”, “gaur ez da aste akabera eta horrenbeste gauza…”, “kromo pakete pare bat nahikoa da, gorde dirua”, “Kinder arrautza oso karua da eguazten buruzurian erosteko”.

Zenbat saltzailek esaten dute ba, saltzen dutena saltzen dutela, “nahikoa da” edo “gaur ez erosi”? Saltzailea saltzeko dago ba, baina Julian ez da bakarrik saltzailea izan. Umetan ulertzen nekeza den arren, umeen laguna izan da. Garbi ikusi eta bizi izan dugu ume ginenok urteak hartu ahala.

Gurea ikusi dut nik neuk pentsati, 5 edo 10 zentimoko gominola bat erosteko; 5 minututik gora pentsatzen, eta Julian begira tarte horretan guztian. Julian: tenplau.

5 zentimo? 10? 20? merkeegi dira zerbitzu horretarako. Zentimoak, euroak… errorea ere egiten dut nik horrela pentsatzen! Izan ere, zentimoa ez da dena. Dirua da trukeko aldagaietako bat, baina ez bakarra. Pazientzia eman izan du Julianek debalde, kioskora joate hutsaren trukean.

elkarteen errifak direla, Dya-ren loteria dela… beti egon da prest laguntzeko. Borondatez hor ere. Mugi txartela ere pazientziarekin kargatu izan du.

“Periodistia”. Bere aita, Juan “periodistia” zen guretzako. Nik beranduago ikasi nuen “periodista”-k beste osagai batzuk bazekartzala definizioan, pentsa! Elgetarrok Julian Markiegirengana barik Julian periodistarengana joan izan gara urte askoan; geroagokoa da “kioskoko Julian”. Dena esatera, izan du periodistatik Julianek. Ez daude herriko notizia asko harek jakin barik pasatuko direnak. Herriko autubatzaile ere izan da zelanbait, eta beti errespetuz kontatzeko kontatu behar zena. Zintzoa. Uste dut berba horretxek definitzen duela Julian.

Ezagutu ez nuen aitita ere “periodistia” ei zen. Federiko, aguazila ere izan zen, udaletxeko bigarren pisuan biziko ziren orduan, seguruen; gero Juan, aita; eta azkenengoa bera, Julian. Baina zelan ahaztu Rosario ama, esaterako. Harek egin zituen kiosko txikian orduak eta orduak. Asko. Eta gure umetako listopasaukeriak aguantatzen ere bai. Julianen arrebak ere ikusi izan ditugu plazabarrenean, izan ere, eguneroko zerbitzua lotua da oso. Badaki dakienak. Eta egunerokoan eten txikiren bat baino ez du egin Markiegi familiak. Egunkari banaketan egunkaririk banatzen ez den egun horretakoa baino ez da izan jai eguna. Urtean pare bat egun. Ikusi dugu goizean goiz lanean, astegun eta jaiegun.

Zein merke erosi izan dugun eta zein garesti izan behar den ez erostea. Herri moduan beste galera bat. Handia. Konturatuko garena falta dela. Zeinek egingo du egunerokoen banaketa egunero, atez ate, eguna zabaldu orduko? Zenbat balio du etxeko zapatilekin ataritik egunkaria jaso, denbora hartu eta eguneko egunkaria irakurtzeak gosaltzen? Ba hori dena posible izan da. Demaseko zerbitzua eman du familia honek eta ezin eskertuago egoteko momentua da.

Deskantsua hartzekoa ere bai, noski, izan ere, baten batek merezi badu Julian Markiegi da. Deskantsua merezi du, eta merezi du urte askoan ahalik eta erosoen eta pozen bizitzea. Berari ere kostatuko zaio, akaso, goizeko erreferentzia ez izatea; guri, behintzat, asko kostatuko zaigu zerbitzu hori galtzea, ez baita zerbitzua bakarrik, gertuko pertsona bat baita herritarrok faltan botako duguna. Eskerrik asko, Julian.


Euskararen egunean izan zen Julianek kioskoa zabaldu zuen azkenengo eguna.

Goienak atera du albistea goiena.eus-en: https://goiena.eus/elgeta/1638518191223-gaur-itxiko-du-kioskoa-julian-markiegik

COVID-19 erreskatea jaso ez dugunok ere sufritu dugu COVID-19a


Eusko Jaurlaritzak erabaki du hedabide batzuei laguntzea COVID-19ak eragindako galerak apaltzeko, 5 milioi eurorekin. Albisteak egoneza sortu du, inon ez baita azaldu zeren arabera eman zaizkien laguntza horiek hedabide batzuei, eta beste batzuei ez. TOKIKOMen Administrazio Kontseilutik galdegin diogu Jaurlaritzari ea asmorik duen gainontzekook ere laguntzeko, eta erantzun horren zain gaude. Erantzuna jaso bitartean,
ohar hau argitaratzea erabaki dugu.


Dirulaguntzak hedabideei emateak hizkuntza politika gainditzen du eta ondo irizten diogu, edozein enpresa edo sektore moduan behar baitu laguntza hedabideen sektoreak eta horrela jokatzen da munduko hainbat herrialdetan. Hedabideen kasuan, gainera, behar dira editorial ezberdinak dituzten hedabideak, behar ditu demokrazia sano batek. Edozein industria arlo moduan hedabideena ere lagundu izana albiste ona da eta horretan
sakontzeko deia egiten diogu Eusko Jaurlaritzari.


Hala ere, momentuz, COVID-19aren garaian, hedabide batzuen galerak estaltzeko jarri da dirua, eta, bistakoa da demokrazia sendo batek eskatzen duela hedabide guzti-guztiak laguntzea. Arrazoia oso argia da: COVID-19ak hedabide guztioi eragin digu. Datu horien berri badu Eusko Jaurlaritzak.


TOKIKOM osatzen dugun hedabideon kasuan, zailena zen momentuan ere mezu instituzionalak, osasunekoak eta oinarrizko beharrei lotuak zabaldu ditugu kazetaritza egin eta zerbitzua emanez. Biak ala biak ziren garrantzitsuak, 200 profesional baino gehiagok eman zuten komeni zen zerbitzu esentzial hori eta irismena handia izan da, trafikoa ia bikoiztu eta 2.314.268 bisita jasotzeraino Tokikomeko hedabide digitaletan, esaterako.


Eman eta hartu. Herritarrek eskertu dute tokikoetan egindako lana eta datuak dira horren adierazgarri; erakundeek ez zuten berdina pentsatu, antza, pandemian egindako kanpainak eta publizitatea ia osotasunean egunerokoetara bideratu zutelako. Hala ere, espero dugu publizitatearekin ez bezela, laguntza puntual hauekin hedabideek pandemia honetan egindako lana aitortuko dela. Horixe da idatzi honen helburua: eskatzen dugu 5 milioi bideratu dutenekin mahai batean jartzea, jaso ez dutenendako zer pentsatu den hitz egitea eta proposamen bat lantzea. Azkenik, baldintza berberetan dirulaguntza puntual
bat adostea.

COVID-19a ez dute sufritu dirua jaso dutenek bakarrik; latza izan da kazetaritza egitea egun horietan eta egindako esfortzua aitortzea litzateke laguntza jaso ez dutenekin elkartu eta gaia lantzea. Hasieran esan dugunez, beraz, albiste ona da Eusko Jaurlaritzak hedabideen sektorea industria moduan kontuan hartu eta harentzako ere COVID-19
laguntza bereziak sortu izana. Eseri gaitezen mahai baten bueltan eta adostu ditzagun sektore osoarentzako babesaren nondik norakoak.


Andoainen, 2021eko azaroaren 25ean
TOKIKOMen Administrazio Kontseiluak

Tokikom sariak eta jardunaldiak

Aste lanpetua izan dugu. Tokikom sariak antolatzen buru-belarri Tokikomeko lantaldea, baina baita ikasteari orduak emana ere. Ikasteko gonbidatu ditugu hiru profesional, eta, horiekin, aurretik ere luze eta zabal egoteko aukera izan dugu: erakutsi diegu zer egiten dugun tokikoen egoitzetan bertan bilerak eginda; lan-saioak antolatu ditugu EITBko zuzendaritzarekin batera EITBn bertan. Elkarren ezagutzatik eredu berriak asmatzea da helburua eta ia badugun kapazitaterik horretarako. Harremana ona izan da eta kontaktua izango dugu aurrerago ere.

Iban Arantzabal, Esther Alonso, Matthew Barraclough, Alaitz Artolazabal, Unai Iparragirre, Arno Schepers eta Pete Sherlock

BBC

Partekatzean dago oinarria, estiloarekin partekatzen da, eskuzabal: datuak, istorioak, bideoak… zabaldu eta zabaldu kalitate estandarrarekin. Zintzotasuna beharrezkoa dela azpimarratu digute, konfiantza. Norbait kexatuz gero segituan eman behar zaiola erantzun egokia eta ez dela egin behar hedabide kideek nahi ez dutena. Inpartzialtasuna da beste gakoetako bat bakoitzak bere editoriala duela onartuta. Adostu dituzte jokatzeko moduak eta argi dute gehien jartzen duena BBC bera dela tokikoen mesedetan. Baita BBC-k ez diela tokikoei eskatzen norbere editorialari uko egiteko. Galdetu diegu zergatia ere, zergatik eskuzabaltasun hori, eta erantzuna azkar: “denon dirua darabilgulako”. Kultura demokratikoa dute hedabideetan eta demokrazia soziala aldarrikatzen dute oinarri-oinarrian: “tokiko kazetaritza ondo dagoenean gizarte demokrazia sanoagoa dago”.  Ematen dizkiete tokikoei ikastaroak, edukia sortu, informazioa eman, ebentoak antolatu… 171 enpresen arteko akordioa. Matthew Barraclough eta Pete Sherlock ondoan izan ditugu dakitena erakusteko gertu.

Het Belang Van Linburg

Flandriako hedabidea: podcastak, telebista, egunkariak… Freelance askorekin egiten dute lan eta oinarria dira. Tokiko kirola dute indarguneetako bat. Paperean indarra jartzetik sarean jartzera pasatu dira, papera utzi gabe. Aplikazioa oso erabilia eta sakondu nahi dute pertsonalizazioan. Soilik beraiek eskaintzen duten edukia jorratzen dute eta horrek baimentzen die kuota sistema batekin jardutera. “Etiketen bidez, erabiltzaile bakoitzari interesatzen zaion edukia eskaintzen diogu; albisteetatik, ikus-entzunezko, buletin edota iragarkietara. Eta bide berean egokitzen ari gara harpidetzak, gazteei begira, sareko kontsumo azkarrari begira”, adierazi du. Arno Schepers-en hitzetan, egunkariaren balorea “irakurle anonimoak zein harpidedunak balorean jartzea da”.

Eldiario.es

Esther Alonso eldiario.es hedabide madrildarreko kazetariak ireki du gogoetarako bidea. Alonsoren hitzetan, “komunitateari garrantzi handia” ematen diote: “Irakurleei entzutea ezinbestekoa da”. Datuen analisian jarri du enfasia, hutsetatik ikastean, analitikari garrantzia eman behar zaiola argudiatuz. Hala ere, hortik aurrera jauzi bat eman beharra azpimarratu
du 2022an 10 urte beteko dituen hedabide madrildarreko kazetariak. Adierazi duenez, “egun ezin ditugu irakurleak soilik bilatu, gure proiektuarekin konplizeak diren herritarrak baizik”.
Bide horretan, eldiario.es-ek gardentasunean eta fidelizazioan ahalegin berezia egiten duela azpimarratu du.

Sarituak
Zorionak denei! Tokikoetan kalitatea dago. Aurtengo kanapeen egileak: Sakanako Guaixe aldizkaria, Hego Uribeko Geuria, Goierri Irrati-Telebista eta Karkara aldizkaria izan dira:

  • Azalik onenaren saria: ‘Uda Sakanan’ (Guaixe)
  • Edukirik onenaren saria: ‘Etxerriko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak’ (Geuria)
  • Ikus-entzunezkorik onenaren saria: ‘Ateak itxi, leihoak ireki’ (Goierri Irrati-Telebista)
  • Komunitatearen saria: ‘Bandera da Orion’ (Karkara)

Bertaratutakoek gailendu nahi izan dituzten berbak:

Komunitatea, elkarlana, lankidetza, konfiantza, berrikuntza, getutasuna, tokikoa, gertukoa, denona, demokrazia, berrasmatu, profesionaltasuna, kalitatea, inpartzialtasuna, zubiak, hiperlokala, euskara, beharra…

Behar bat da kazetaritza

Anbotoko Tokikomkideek bete dituzte urteak. Proiektu sendoa dute. Elkarrizketa bat egin didate eta titular honekin publikatu: “Demokraziak kazetaritza behar du propagandaren gainetik, kontrastea diskurtso bakarrari kontra egiteko”. Elkarrizketan esandakoen artean Goienaren erreferentziak aipatu ditut:

Anboto, esaterako. Tokikomeko 76 toki komunikabideetako bakoitzetik dago zer ikasi. 200 lankide daude Tokikomen, eta sorkuntza etenbako horretan beti daude “kanapeak”. Bestalde, Goienatik urteetan jarraitu diegu, esaterako, ideia hauei: Guardian Media Group-etik ulertu dugu enpresa multimedia ezin dela gerontokratikoa izan eta ezin duela hedabiderik zaharrena gurtu: papera. Edo Roy Greensladeri irakurri genion kazetaritzak kultura berriak bere izan behar dituela: erreminten integrazioa, espazioena, lan metodoena eta hedabide bakoitzaren hizkuntzarena; The Daily Telegraph-en konbergentzia prozesu bat behar genuela ulertu genuen, eta astiro egin beharrekoa, gutxienez lau gai landuz: teknologia, enpresa, profesionaltasuna eta editoriala; The New York Times-ek marka globala nola egin duen edo erredakzio integratuen garrantzia estratagema enpresarialaren ikuspuntutik; El Diario-ren bazkidetza eredua; BBCren lana tokikoak eta demokrazia lotuz; katalanen egituretatik ikasi…

Elkarrizketa guztia hemen: https://anboto.org/durangaldea/1636662445825-demokraziak-kazetaritza-behar-du-propagandaren-gainetik-kontrastea-diskurtso-bakarrari-kontra-egiteko

Sastre gogoan

Alfonso Sastre Espaloian izan zenekoa gogoratu dut. Asko ikasi genuen Espaloian eta hau izan zen egun horietako bat. Begira ibili naiz ia noiz izan zen, ia argazkirik banuen… Eta testu bat ere topatu dut, orduan idatzitakoa, dagoeneko existitzen ez den agerkari baterako:

Ez zen bidalia etorri Euskal Herrira, Rosa Lopez eta Isabel San Baldomero moduan. Senadore izandako bi hauek aldarrikatzen dute beraien eskubidea munduan hara eta hona ibiltzeko, baina beraiena bakarrik, paterak akorduan hartu barik. Galarazten zaienei errespetu gutxi erakutsita.

Alfonso Sastre eta Rogelio Botanz. Espaloia, 2005eko maiatzaren 20an.

Bestelakoa da Alfonso Sastrek eman zigun mezua: herrien arteko gerrarik egon behar ez denekoa , ezta klaseen arteko bakerik ere. Mirestekoa, bai Sastrek eta Eva Forest bikote idazleak duten bizitzeko era koherentea. Aspaldi afaldu barik nengoen, utopia aldarrikapen bihurtzen duten komentarioak entzuten. Noiz entzuten dira ba? Kuba eta Venezuelatik ekarri duten baikortasun hori bai, posible da oraindik. Sinistuta nago.

Afari ostean taula gainera. Rogelio Botanzekin atera zen. “Kultura erresistentziako kide batekin” Sastrek dioen moduan. Ez da ulertzekoa jende gehigok mezu hau entzun ez izana. Gerturatu beharko lukete antzokietara, kultura etxeetara, gaztetxeetara, liburuetara, kantura eta poesiara. Ze Sastrek dioen moduan: “bizitzaren kontu hau egun
batean amaitu egiten da, egun bat heldu eta ez gaude gure kalean. Egun batean gure auzoan esango dute: hil da bat. Egun bat da inoiz ezer izan ez bagina moduan”.

Eta Rogeliok gehitu: Musikaren kontu hau egun batean amaitu egiten da. Egun batean dagoeneko ez gaude gure antzokian. Egun batean gure auzoan esango dute itxi egin dutela. Egun bat da, arnasa bizia izan ez bagina moduan.

*2005/05/20-ko testua, bere horretan.