Tokikom

Astean batzar orokorra izan dugu Markeskuan. Pandemia garaian giro lasaian egitea ez da gutxi, baina gehituko nuke lan-giro onean egin dela. Toki hedabideetako ordezkaritza zabala eta puntu guztiak aho batez onartuak. Hori lortu egiten da; ez da bakarrik etortzen. Lan ona egin du administrazio kontseiluak eta Tokikomeko estrukturak. Presidentzia aldaketa ere egin zen. Eta han bota nituenetako batzuk ekartzen ditut blog honetara. Batzarrean, noski, beste hamaika kontu landu ziren, baita plan estrategikoaren baitan egindako kudeaketa plana ere.

New York Times; Financial Times; The Guardian, BBC, … Horiek ditugu begiz jota eta jarraitzen ditugula esaten hasi nintzen. Mundu mailako hedabideak zertan dabiltzan aztertuta uste dut jakingo dugula guretzako zeintzuk izango diren erronkak. Aurrera begira ez gaude bertan goxo egoteko. 43 herrialdetako ia 300 profesionalei (kazetari, kudeatzaile, editore…) egindako inkestatik ateratako ondorio batzuetatik abiatuta nabarmendu nituen puntu gutxi hauek:

Kudeaketa: 

  • Ideia berriak: inkestatutako profesional hauek diotenez, ideia berriak datuen neurketetatik eta audientziatik etorriko dira. Badakigu gure bezeroa zein den eta estandar bat aterako genuke. Baina 2021ean ez du horrek balio. Pertsonalizatuagoa behar du gure jardunak.
  • Kontuz Facebook, Instagram, Whatsapp… Asmatu beharko dugu guk horiek erabiltzen eta ez beraiek gu. Horiek dira pertsonalizazioa saldu, baina masan hartzen dituztenak erabakiak. Hori bai, guk baino datu gehiago dauzkate gure erabiltzaileez eta ez dituzte errespetatzen. 
  • Harpidetza digitalak: diru-sarrera moduan. Publizitatearen aurretik egunen baten? 3 urtean datu-baseak ondo osatuta. Kliketatik harpidetza digitaletara. APP-aren garrantzia.
  • Inteligentzia artifiziala. Langai bat da. Ikusten dut gutako bakoitzak podcastak egiten hastea zail. Ez delako sarrerarik egongo. Baina makina batek gure albisteak irakurriko balitu, esaterako?  Inkestatuek diote “5G iraultza” baino garrantzitsuagoa izango dela inteligentzia artifizialak dakarrena. Tokikom ari da lanean duela hiru urtetik gai honetan. Asko dugu aurreratua eta hori posible da batera bagoaz, ez hedabideak banan-banan.
  • Kudeaketa aurreratua: sakatu behar dugu honetan. Euro bakoitzari distira ateratzen jardun dugu ezinbestean, eta oraindik ere badaukagu zeregina efizientzian, efikazian eta efektibitatean. Gure irakurleak merezi du.

Edukiak: 

  • SINESGARRITASUNA lortzea da erronka. Ez batzuek aitortuko digutena, gehiengoak onartuko diguna baizik. 
    • Inkestatutako %88k diote inpartzialtasuna izango dela gakoa hurrengo urtetan.
    • Gure txikian ere udaletako folletoiak edo propagandak ugaritzen ari dira; baita alderdien zein alderdi-ingurukoen sare sozialak. Anonimoak ere nahieran. Ez dira kazetaritza! Egia absolutuak jasotzen ditugu whatsappez. Horren aurrean inpartzialtasunez jokatzeak ekarriko digu dagoeneko maila handian onartzen zaigun sinesgarritasuna.
    • Zalantzarik ez, gure proiektuak izango dira partzialak ere parekidetasunaren defentsan, euskararenean, gertukoarenean, zero kilometroko komunitatearen defentsan…  
  • Herrietako politikariak ere saiatzen dira hedabideak saihesten. Hedabidea erabiltzera ere hel daitezke. Eta ezin dutenean zuzenean nahi dute heldu bozka ematen duen herritarrengana. Eta zer da hori herritarrendako? propaganda: Ez dago galderarik, ez testuingururik, ez datu kontrasterik. Eta hori da kazetaritzaren egitekoa. Onartu dagigun ez dugula beti behar beste denborarik hartzen kontrasterako. Eta derrigor-derrigorra da edozein albistetan hainbat iturriri kontsulta egitea. 
  • KAZETARITZA hobea egin beharko dugu. Baita agintean daudenak haserretzen badira ere diren kolorekoak direla. Hori bai, inpartzial eta denei lekua eginez. 

Tokikometik egin beharko dugu aurrera makinetan, prozesuetan, efikazian, kudeaketan… Beharbada gehiago egin genezake kazetaritzan, hau da, edukian. Beharbada, eta horrela adostuko bagenu, bada langai dugun arlo inportantea, inportanteena ez bada. Ez gara zerotik hasten, eta asmatuko dugu komunitatearekin batera egiten.

Makina bat lan, denon artean errazago eta hobeto egingo ditugunak. Zer ginateke gutako bakoitza Tokikom sortuta ez balego? Tokikom dagoelako gara profesionalagoak eta izango gara eraginkorragoak urtez urte.

Zorion animo eta mezu asko jaso ditut. Publikoak zein pribatuak. Den-denak eskertu nahi ditut. Gure txikian, Euskal Herrian, behar dugu elkarri igurztea ere. Pa bana bueltan.

Elgetako Gaztetxeak 25 urte

Hogeita bost. Banu, balego eta balitz. Gazi-gozoa da urteurrena. Aurrera goazen seinale bada, baina atzera begiratu eta urrun dagoela ikustearen seinale ere bai. Ahaztuxe geratu da Elgetako Gaztetxea. Itxita aspaldian. Zer eta giltzak udalari entregatuta.
Erabaki zuen gazte talde batek ekintzara pasatzea orain dela 25 urte. Jarduera aurrera eramateko lokal bat behar zen. Ez zen beste erremediorik izan, egin beharreko sukalde lan guztiak egin ostean. Demostratu zen herriak irabazi egingo zukeela Gaztetxe bat izanda. Hasiera hura horrela azaldu zuen fanzine batean Elgetako Gazte Asanbladak: “Haurreskolaren eraikuntza okupatzea pentsatu genuen. Pentsatu eta egin, 1996ko martxoaren 22an, aipatutako eraikuntza okupatu genuen”.

Ilusionagarria izan zen hasiera: indarra zegoen, eztabaida luzeak, edozein Gaztetxetako bizikidetza arazoak, rollo onetik asko, antolakuntzarako orduak, egin gura handia, bozketa bako batzar jendetsuak (eta dena esatera %80tik gora emakumeek osatua). Mugimendua zegoen eta herria(n) bizitzeko gogoa. Konplikatua ere bai. Josi behar izan zituen asanbladak berak gazte askoren nahiak eta pentsatzeko modu diferenteak. Bazegoen oinarria, asanblada bera lehenago sortua zelako eta hainbat ekintza eginak zeudelako lokalik izan ez arren. Eztabaidak eztabaida, funtzionatu zuen Gaztetxe eredu bat eraiki zen Elgetan. Gaztetxea zabaltzeak eragin zituen ehunka kontzertu izatea herrian, emakumeen aldarriak bideratzea, aldizkari bat izatea, ETAren alternatiba demokratikoa bideoa erakutsi zen, film asko pantailaratu, HIESari lotutako hitzaldiak, sexologiakoak, dantza ikastaroak, AHTren kontrakoak, Intsumisioaren aldekoak, Elgoibarko gaztetxekoekin trukeak, jaiak, Asentzio eguna, Sagardo eguna… Zenbat gauza! Hori zen hori agenda!

Okupatu zen hilabete horretan bertan ETAk hil zuen bonba lapa baten bitartez, Irunen, Ramon Doral. Ertzaintzako inspektorea zeta EAJko kidea. Gogoratzen dut EGIk akanpada egin nahi zuelako hilabete horretan Gipuzkoan. Gipuzkoan eta herrigunean egin zuten lehenengo aldiz. Orduko prentsak jaso zuen moduan “hausnarketa asko egin genituen, kontuan izanik azken topaketetan arazoak izan ditugula beste gazte talde batekin, baina ezin gara beti beldurpean bizi” zioen Eneko Goia gazteak. Gaztetxea erabilgai utzi zitzaien EGI-ko gazteei. Hauteskunde orokorrak ziren Espainian 1996an, eta bor-bor zen giroa udal hauteskundeetatik bueltan. Herri Batasunako mahai nazionaleko kideak espetxeratu zituzten ETAren bideoaren zabalpenarekin lotuz, esaterako.
“Lazo urdina” us “Euskal Herria Askatu!” garaiak ziren eta egun haietan Elgetan zeuden ehunka pegatinetan nabari zen:

Gaur itxita dago Gaztetxea. Udalak teilatua ere konpondu zion aspaldi, baina ez dirudi erabilpen argirik izango duenik epe laburrean, behintzat. Pena ematen dit, eta izan zenak ematen du zer pentsatua. Hori bai, gaur 15-25 urte dituztenek beste modu batera bizi dute aisialdia, ekintza, testuingurua irakurtzeko modua, harremanak izatekoa… bizitza bera. Eta hori errespetatu besterik ez dago. Pena? bai; irakasgairik gazteendako? ez.
Hori bai, herri honek galdu zuen Gaztetxea eta horrekin batera identitate zati bat, kultura zati bat, jai egiteko modu bat, elkartzeko gune bat, gazte izateko era bat… gauza askotxo 25 urte geroago ospatzen jarduteko.

Ardotxo bat hartu dagigun ia inor gogoratu ez den arren 25 urteurrena izan badenik ere. Ardotxo peleoi hori ez, kriantzatxo bat, mesedez. Nola aldatu diren gauzak, kamarada.

Ez malkorik

Ospatzeko eguna ere bada. Bai, ospatzekoa. Ze ospatzekoetarako sortu zen Plateruena eta zeozer ikasiko genuen honezkero. Ondo ospatuta geratu dira milaka ekitaldi. Milaka bai, milaka. Bestela faltako liratekeen milaka horiek. 

Eta ibili denak badaki zein gozatu hartu ditugun kafe antzokian. Nik neuk, jende gutxien batu dituzten ekitaldiekin, esaterako. Txikia zelako handi Plateruenan. Euskal Herritik kanpoko artisten distirak laguntzen zuelako “kantuaren kantoia” handi egiten Berri Txarrak-en ondoan. Eta gozatu ordu txikietan ere, lagunartea ere bazelako Plateruena. Non kantatu zenezake, bihar bat ez balego moduan,  “galtzetan gordetzeko koblak” antzokiko ateak ixtear daudela? 

Gaur ez da atzo, ordea. Eta hori da gako inportante bat. Baita ekitaldi xumeenek beharko luketela ikus-entzule gehiago, hori ere bazen-eta helburuetako bat beti lortzen ez zena. Eta antolatutakoek ez zuten malkorik behar eta bai alegrantzia. Atzo bezala, egindakoaz harro egoteko eguna da gaur ere. Txaloak dira Plateruenarendako, bertsoetako azken puntu on baten ostekoak legetxe.

Artista-bezero-antolatzaile

Plateruena izan da hiruko zirkulua ondo baino hobeto ulertu eta aktibatu duen ekimena. Hiruretan behar delako fokoa jarri. Hurrenkera horretan: 

  1. Artista: harrera egitetik bertatik zaindu dutena, ahal zena eta ez zena egin duena artistaren alde negozioaren kontra bazen ere, eta, era berean, ulertu duena artistaren beharrak ez direla dirutan neurtzen. Bezero ere izan da zelanbait artista bera, baina premium bezero. Kamerinoan egoteko aukera izan duenak badaki artista sentiarazten zutela munduko kultur gizon-emakume. Plateruenak prestigiatu du artista eta kultura.
  2. Bezeoa: beti izan dute bezeroa presente, ateak zeharkatzen zituen momentutik bertatik. Garbi, zerbitzuan bizi-bizi eta irrifartxo batekin. Tabernako zerbitzariek nola zuzendaritzako kideek. Desorduetan ere aldarte ona galdu barik (hainbatetan irabazita ere :-). Etxeko sentiarazi dute herritarra, eskualdekoa, Euskal Herrikoa eta haratagokoa. Arigunean zen bezeroa, terminoa sortu aurretik ere.
  3. Antolatzailea: detaile txikietan ikusten da kulturzalea den edo ez. Antolatzailearen gustuko den taldea oholtzan izanagatik sarrera salmentan atean egonda, edo artistak ura behar duela konturatuta, edo kontuak artistaren alde borobilduta, edo artistari afaria emanda, edo eszenategiak dizdira egin dezan soinu, argi eta dekoratuak zainduta. Basikoa da antolatzailea kulturzalea izatea eta gaineratuko nuke Plateruenaren kasuan euskaltzalea ere badela. Badira bi aldagai sarriago bilatu beharko genituzkeenak edozein delarik ere kultura espazioa edota erakundea. 

Gogoan dut Plateruena zabaltzear zegoen momentua. Egun pare bat lehenago elkarrizketatu gintuzten Euskadi Irratian Plateruenako zuzendaria eta Espaloiko lantaldekoak. Espaloia kafe antzokia ere zabaldu berri zen eta kazetariak galdetu zionean zidarginari ia dena prest zegoen, baietz borobila izan zen erantzuna: “dena prest kultura eta jendea hartzeko”. Ilusioa bor-bor. Egia zen ilusioa gainezka zela, amets bati bide ematen zebiltzala Berbaro tabernako kontzertuetan hazia zuen gune eraginkorrago bat zabalduz. Egia zen baita ere plateroak bazebiltzala, koadrila osoa, hormak margotzen bezperan, norbaitek egindako patata tortilla baten truke. Horratx gakoetan gakoena. Plateruena sortu zutenek sinistu zuten erreminta inportantea zela helburuak lortzeko eta lan egiten zuten horretarako. Sekretua lana baita, ez besterik. Pintura sikatzeko denborarik gabe zabaldu zen Plateruena eta itxiko da hango pareta sikuek noiz hartuko kultura proiektu duin bat.

Gaur ospatzeko eguna da ze izan da ezinbesteko ekimena euskal kulturari hauspoa emateko. Horrekin geratzen naiz. Ez malkorik. Etor bitez ekimen berriak, begi onekin hartu bezate erakundeek eta doituago bada ere izan bezate zidargin berriek, gutxienez, orain arte plateruek izandako indarra eta arrakasta. Eskarmentua badago eta azpiegitura ere bai ekimen berritzaileetarako.
“Gure begiek ez dute malko isurtzeko gogorik”.

COVID-19 gaitzak eragindako datuak goiena.eus-en

Abuztu hau ez da izan aurreko urteetakoen antzerakoa. Beldurrak izan du lekua gure jardunean. Horregatik, informazio gosea handitu delako, jende gehiago izan delako Debagoienean, Covid-19 aipatze hutsak hautsak arrotzen dituelako… Goiena.eus-en gora egin dute datuek. Iazko albiste kopuru antzerakoa argitaratuta ere trafikoak asko egin du gora. Datu nabarmenenak:

  • %42,49 erabiltzaile gehiago sartu dira Goiena.eus-en. Guztira 60.295 izan dira, iaz 42.314.
  • Saio/bisita kopuruak ere nabarmen egin dute gora, %83,46. Guztira 283.587 bisita izan ditu webguneak aurtengo abuztuan, iaz 154.575 izan ziren.
  • Trafikoaren iturriari dagokionez, organikoak (Bilatzaileetatik datorren trafikoa; Google etab) eta Sare sozialetakoak behera egin du. Trafiko zuzenak aldiz nabarmen egin du gora (zuzenean nabigatzailean Goiena.eus idazten dutenak dira hauek), iazko %26.6tik %35era. Horrek fideltasuna erakusten du, eta beraz datu esanguratsua da.
  • Koronabirusaren kanal berezia (11.647 bisita) eta datuen orria (7.015) asko ikusi dira.

Kultura posible da

“Jaiak” berba aipatzen baduzu garaiotan narrutuko zaituzte! Eta “bertan behera politika” jarriko da martxan, ziztu bizian, hori baita: zuhurrena, denborekin doana, seguruena, prebentiboena, lan gutxiago eskatzen du gainera. Eta normalitate honek, antza, ez du merezi beste buelta bat, egiteko modu berri bat, ondoko herrietan asmatuta daudenak eta asma genitzakeen aldaerak.

Atzo beste eredu bat bizi izan nuen. Ez ziren “jaiak”, baina bai “jaialdia”. Musikaire ez dago bertan behera. Osasuntsu dago, sekulako lana egiten dutelako Arriolako lagunek. Osasuntsu dago ohitura sortu dutelako jendeak goza dezan. Eta badakigu kultura eta ohitura lotuta egoten direla sarri. Horrela diote Musikairekoek: Kulturak udan ilargia maite du, eta hego haizearen laztana. Ilargipe epelean, kultura zuzenean iristen da bihotzera, bihotza sentibera baitago udako gauetan. Elorrion, udan, kultura kalera irteten da

Eta sentibera gaude bai. Pandemia gogor honek ematen digu beldurra. Eta beldurra oso humanoa da, noski, baina beldurretik ardurara salto egin eta atzoko moduko kontzertuak antolatzeak gutxienez horixe erakusten du, ardura dutela: osasunarekiko ardura, batetik; euskal kulturarekikoa, bestetik. Zorionak baino ezin eman kultur zale hauek kulturarekiko duten arduragatik. Bikain.

Seguruenik eredua bera da interesgarria. Oso argi izan dute eta horrela aipatzen zidan urte pila bat antolakuntzan dabilen lagunak: “nahi bada ahal da”. Eta bueltako bidean ezin kendu burutik esaldia. Horixe baietz! Nahi bada ahal da.

Eta jarri zuten kontzertua aire zabalean, zelai handi batean, eta aulkiak distantzietara, desinfektatuak, eta polizia lanik egin barik, eta sarrera leku bakarretik, eta hidroalkoholarekin eskuak garbitu ostean, eta denok maskarekin… 400 lagunendako lekua! Pentsatzen egon nintzen Euskal Herrian makina bat zelai daudela ba horrelakoak egiteko…

Eta etxeko marka, Elorriokoa: parajea oso ondo zainduta. Soinuan euroak aurreztu barik, inguruko arbolak ere argiztatuta, puntualitatea, kontzertua hasi aurretik off ahotsa: aurkezpena, gomendioak arduratsu jokatzeko, hurrengo emanaldietan zer izango den, musikaire babesten duten enpresak… dena ondo grabatua, bi ahotsetara, soinu argiarekin… Hasi zen kontzertua profesional.

Hau dena urte asko lan eginda ikasi dutela ez dut dudarik, baina batez ere egiten dute kultura zaleak direlako: antolatzaileek mimoz jokatzen dutelako sortzaileekiko, lehenik; bigarrenik, antolakuntza pegarik gabekoa egiteak zein garrantzia duen badakitelako; eta, hirugarrenik, ikus-entzulea beti dutelako buruan, eta esango nuke baita ere bihotzean.

Musikaire da ezohiko jaialdi bat; eta bere programa, mazedonia moduko bat. Mazedonia honetan nahasten dira osagai oso ezberdinak, beti erakargarriak eta kalitatezkoak; nahasten dira baita arte motak eta jatorriak ere. Garik oso kontzertu ona egin zuen, bikaina. Eta hori horrela izan zedin behar beharrezkoak dira kultura bizi dutenak, besteak beste, ondorioz, biziarazten digutelako kultura eta behar beharrezkoa dugulako pandemia garaiotan. Eskertuta elorrioarrei.

10 arrazoi zero kilometroaren alde

10 arrazoi zero kilometroaren alde …edo, komunikabideekin ere zero kilometro

Merkatu txikia, produktuak baserritarrei, gatza ondoko dendan, arropak komertzio txikian… eta zure edukiak? zure informazioa? zure istorioak? Non? 

Hamar arrazoi bertako komertzioek eta komunikabideek bat eginda jarduteko: 

1. Zero kilometroa da tokiko produktua edo gertuko produktua. Horixe da tokiko komunikabideak eskaintzen dizuna, gertuko produktua. Etxe ondoko informazioa, zure ezagunek idatzitako istorioak edota zuk zeuk kontatutakoak. Gure lerroetan irakurriko dituzunak dira zero kilometroko edo gertutasuneko gaiak. Zero kilometroa izango da zuretzako eta baita ingurukoendako ere. 

2. Sortu, banatu eta kontsumitu bertan, burujabetza komunikazioan
Euskal Herrian sortu, Euskal Herrian banatu eta Euskal Herrian kontsumitu. Burujabetza komunikazioan eta zer esanik ez gutxitua den hizkuntza komunitate batean. Dena zero kilometro filosofiarekin, dena bertatik bertara, hurbil, tokiko. Eskualdekoa eskualdean. 
• 100 kilometroren bueltan baduzu mezua zabalduko dizun komunitatea.
• 100 kilometroren bueltan egiten baduzu helduko da 1.000 edo 10.000 kilometrora ere, eta ilargiraino eta buelta. 
• 100 kilometroren bueltan lagundu egingo zaituzte eta ez 1.000 kilometrotik harantz. 
• 100 kilometroren bueltan elkar zainduko dugu eta, kontrara, zenbaki bat baino ez zara izango multinazionalendako. Zure datuez jabetu eta aprobetxatuko dira, erreparorik gabe.

3. Erabili multinazionalak, ez zaitzatela beraiek erabili. Zabalkunderako egokiak izan daitezke, edukiak partekatzeko zalantza gehiago. Edukiak bertako zerbitzarietan, bertako paperezko prentsan, bertako telebistan, hemengo webguneetan, komertzioaren webgunean… Noski, ez gara inor ondo doakionari zer egin esateko, beti da norbere erabakia. Askotariko kasuak daude eta bereizgarri askorekin. Pentsa dezagun baina, ezer ez dela gratis et amore. 

4. Publizitatea
Facebook erabilita helduko zara zure bezeroengana? Instagram, Facebook eta Whatsappen jabea berbera da eta erabili egiten zaitu. Erabili zu paretik kendu eta egunen batean bezeroarengana zuzenean heltzeko. Epe motzekoa da lilura, eta ahal duenean soineko hori edo zapata horiek berak eskainiko dizkio bezeroari, ez zure komertzioak. Harrotu egingo da merkeago eta etxeko atera eramango duela esanez. Osatu zuk zeuk kontrolatuko duzun bezeroen datu basea, egin publizitatea herriko komunikabideetan, erabili zure kanal propioak, topatu mezularitza zuzena zure bezeroekin, izan burujabe. Ez zara damutuko.

5. Euskaraz
Zeinek imajinatuko luke 2020a euskarazko publizitaterik gabe? Zaila egiten zaigu… Ba hori ez du lortu Facebookek, hori ez du eragin kioskoetan dituzuen 100 argitalpenetatik 99k, ez du egin Amazonek. Ez dezagun atzera egin 30 urtean irabazi duguna galduz. Euskaraz gertukoago da, sinesgarriago eta fidagarriago. 
Datuekin negoziatzen dituzten horiei ematen jarraitu zure edukiak? Haiek lagunduko dute gure hizkuntza komunitatea?
Egoitza Ameriketako Estatu Batuetan duen multinazionalaren ikuspegitik, ala zure etxetik 500 metrora bizi den kazetariaren eskutik nahi duzu informatzea?

6. Lokala da oraina eta etorkizuna, ez globala
Lanean gabiltza globalizazioan galduta ez geratzeko. Txikiegiak gara gure edukiak oparitzen jarduteko. Euskal komunikabideotatik bagabiltza informazioa lantzen eta helarazten urtetan. Jasotzaileok ere, gero eta gehiago izateaz gain, balorazio altua ematen diozue komunikabideen lanari. Herri prentsak ere laguntzen du duintzen tokiko komunitatea.
Nekez du beste 30 urte bizirautea baldin eta: sorkuntza –komunitatekideok egiten dituzuen sormen lana– Facebooki oparitzen bazaio; zuen umearen zorion-agurra Instagramen publikatu eta nahikotzat baduzue; zuen bideoak Youtuben bakarrik zintzilikatuta edo Whatsappi emanda inola ere ez duen sinesgarritasuna…
Ezin esan enpresa erraldoi horien erremintak ez erabiltzeko. Askok erabiltzen ditugu jendearengana heltzeko, baina ez itsutu horiei bakarrik jaten ematen. Haiei bost axola zaizkie gure herria, eskualdea, euskara, gure istorioak, gure izatea, komunitatea… Gugandik axola zaien bakarra da dirua, dolar bihurtzen dituzten euroak. Aspertu arteraino entzuten da sare sozial horiek doan direla, baina gezur gaiztoa da. Gure datuekin trafikatzen du Facebookek edota Whatsappek, esaterako. Zuen datuak esplotatuz lortzen dute etekina, eta horretarako ez zaie inportako zu bazterrean uztea. Gu bazterrean uztea. Silicon Valleyko logikatik sortutako plataformei globalizazioa komeni zaie, bateratzea: hizkuntza, gaiak, edukiak… Dena globalizatzen jardun nahi duzu? 

7. Eta Facebook edota Youtube itxiko balute?
Zuen Youtubeko bideo guztiak galduta, Facebookeko material guztia kaput. Instagrami oparitu dizkiozuen argazki eta momentu guztiak zaborretara eta birziklatzeko aukerarik ez. Komunikabideok ere galdu genituen horrela ehunka bideo ordu, gure kontrolpekoak ez diren plataformak erabiltzeagatik. 
Tokiko komunikabideok 30 urtean zuekin batera osatu dugun materiala lizentzia librepean uzteko lan egiten ari gara, aspalditik sortzen dugun guztiak du lizentzia librea. Herritik sortua, herriarekin egina eta herritarrena da gure proiektua. Herri egiten du tokiko prentsak, eta zuk ere aukeratu zenezake: herri egin edo multinazionalen esku utzi zure kontrola.

8. Ez, ez dira saldu nahi diguten plaza publikoak.
Facebook, Instagram… Ez, ez dira plaza publikoak. Pribatuak dira, diruaren mesedetan daude eta ezkutuko erabilpena egiten dute gure datuekin. Ez dira gardenak, ez dizute ematen ezta profila guztiz ezabatzeko erraztasunik ere. Dirua egitea zilegi da; zerbitzu baten truke egiten dute, gainera. Hala ere, jauntxo berriak dira, ohiko estruktura politikoen gainetik jarri nahi dutenak, gainera. Non ordaintzen dituzte zergak hauek guztiek?
Erein eta osatu gertuko komunitatea eta ez indartu feudalismo global berria.
Zuk oparitutako eduki hori ez dute gordeko publikoki eta zure jabetzakoa bezainbeste edo gehiago izango da multinazional hauen jabetzekoa. Ez dute zure esku utziko berriz, ez dute batere arazorik izango herritarrek jositako sareak deuseztatzeko. Diruaren logikak bakarrik agintzen du, milaka eta milaka kilometrotara daude erabakiguneak, urrunetik erabakiko dute zer, noiz eta nola.
Eta ez dira neutralak: ideologia jakin bat dute, zer erakutsi eta zer ez beraiek erabakitzen dute. Facebooken publikatzea ez da Interneten publikatzearen pareko; ez da Instagram=Intenet; Whatsapp ez da publikoa.

9. Erantzunkidetasuna
Norberaren erantzukizuna da mustruari jaten eman edo zure herrietako komunikabideekin bat egin; gure ardura den moduan herriko dendetan erostea; edo gure ardura den moduan baserritarrei erostea zuzenean zein merkatuetan. Eskatzen zaio herritarrari ondoko dendan erostea, eta ez da asko eskatzea tokiko komunikabideekin pentsatzea, Facebooken altzoan goxotasuna bilatu ordez. Berdin erakunde publikoek. Badute erantzukizunik udalek beraien edukiak enpresa erraldoi horiei oparitzen? Udalek Whatsapp taldeak erabili behar dituzte? Publizitatea jarri Facebooken?
Zero kilometro eskatzen duenak zero kilometro ere eskaini behar luke. Erabaki egin behar da munstroari jaten ematen jarraitu behar dugun, noiz, zenbat, zertarako, zein arrisku… Erabaki librea da, noski. 

10.  Bertakoa kontsumitu: 

1. Elkar zainduko duen komunitatea sortuko da: herritarrak eta kazetariak; komertzialak eta komertzioak; herri-merkatuak eta komunikabideak. 

2. Klikak bertan, bisitak bertan, zergak bertan. Multinazionalak erabili zabalkunderako behar badituzu, baina ez kanal bakar moduan.

3. Erabakigunea zuk ezagutzen duzun jendeak izango du eta bezeroen onerako pentsatutako erabakiak hartuko dira. Ez da multinazionalen kasua. 

4. Denda txikiekiko errespetatuz egiten dute lan eskualde edo herri mailako komunikabideek. Bat gara. 

5. Ekologikoa da zure edukia gertuenekoekin konpartitzea eta kontsumitzea. 

6. Irismen masiboa dute tokiko komunikabideek. Zurea kontsumitzeko bertako komunikabideekin kontatu. 

7. Euskaldunei lagunduko diezu. Euskarari ere bai. Euskaldunok zerbait behar badugu da euskarazko edukia euskaldunon eskuetan. Eman ta zabal zazu.

8. Zure herriko komunikabidean eginda, euskarazko komunikabideen sarea elikatzen duzu.

9. Entzun egingo zaituzte tokiko hedabidean eta batera jardun. Bertatik bertara.

10. Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. 


Gertuko komunitatea = tokiko komertzioak + tokiko komunikabideak

Oh.: ez, norbera ere ez da koherente %100 eta idatzi honek balio beza horretarako ere, nik neuk neure jokabideak berbegiratzeko.

Osoko bilkurak eta demokrazia

Alarma egoerak gauza askotan eragin du eta baita gertuko demokrazian ere. Udalek denbora ere izan dute erreakzionatzeko eta badira konponbide txukunak topatu dituztenak eta jarraipena egiteko eskubidea murriztu dutenak.

Jakin badakigu denok Udaletan egiten den batzorde gorena osoko bilkurak direla. Horiek publikoak izaten dira eta bertaratzen direnak ez dira izaten ez, futbol zelai batera joaten direnak beste, ezta gutxiago ere! Hala ere, publiko izaera hori alarma egoeretan ere bermatu behar dela zalantza egingo duen gutxi egongo da inguruotan. Bilerak telematikoki egin arren ere ikusi eta entzuteko aukera zabaltzea da dagokiona udal bati baldin eta ariketa demokratiko horrek bere funtzioa beteko badu. Imajinatzen du inork udaletako ateak zabaldu gabe egitea osoko bilkurak urteko edozein sasoitan? bada streaming bidez zuzenean ez ematea ere parekotzat jo daitekeela uste dut. 

Debagoienean denetik ikusi dugu. Atzeratu egin dituzte hainbatek, eta logikaren barruan sartzen da hori, osoko bilkurak legetxe lozorroan sartu dira-eta enpresetako batzar orokorrak edota atariko bilerak. Hala eta guztiz ere, badira 40 egunetik gora alarma egoeran eta onartu beharreko puntuak pilatzen hasiko zitzaizkionik ez da faltako. Administrazioak funtzionatu behar du eta horretarako osokoak egin beharra dago. 

Gaur gaurkoz, Debagoieneko udal bik eman dituzte streaming bidez osoko bilkurak: Arrasatek eta Bergarak. Arrasatekoan, presentziala egin zuten zinegotzi gutxiagorekin, eta zuzeneko streaminga jarraitzeko aukera eman zieten kazetariei. Seinalea kamera bakarrarekin. Bergaran lehenengo aldiz egin zuten bilera telematikoa eta kalitate onez entzun eta ikusi ahal izan zuten kazetariek zein edozein herritarrek bertako seinalea. Egiari zor, zuzeeko horrek jarraipen zabala izan duela esan genezake (50 lagunetik gora streaminga ikusten). Goiena.eus-en zein Bergarako Udalaren webgunean. Amaieran kazetariek galderak egin ahal izan zituzten, gainera. Zuzenekoak egiteko eredu on bat eta kalitatezkoa osoko telematikoak egiteko.

Eta gainontzekoak? ba batzuk ez dira konturatu, antza, herritarrek zein kazetariek duten eskubideaz osokoak jarraitzeko: Oñatiko osoko bilkuraren berri, herri handia izan arren, hurrengo egunean jaso ahal izan zuten grabazioa, batzuek jaso ere (gako bidez) eta zuzeneko seinalerik ez, beraz, galderak egiteko aukerarik ere ez; Aretxabaletan beranduago egingo dute; Eskoriatzan onartutako puntuen berri bakarrik eman zuten hurrengo egunean udalaren webean. Ez grabaziorik, ez zuzenekorik, ezta osoko bilkuraren ostean galderak egiteko aukerarik; Eta zer eta zelan egingo duten jakitea falta txikietan: Antzuolan telematikoa izango da bilera, Aramaion egiteka dago oraindik eta berdin Elgetan eta Leintz Gatzagan.

‘Zilarrezko A’ Kudeaketa Aurreratua saria jaso du Goienak

Hauxe Goiena.eus-etik ateratako testua, Miren Arregik idatzia:

Gasteizko Europa jauregian gaur, abenduaren 18an, egin den ekitaldian jaso du Goiena Komunikazio Taldea Kooperatiba Elkarteak ‘Zilarrezko A’ Kudeaketa Aurreratuaren aintzatespena. Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek, sailburuorde Estibaliz Hernaezen eskutik jaso du aitortza. Sari hori hedabide batek jaso duen lehen aldia da. Guztira 25 erakundek jaso dituzte Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Aurreratuaren sariak.

Sariok, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazak, Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek eta sailburuorde Estibaliz Hernaezek eman dituzte, besteak beste, Euskaliteko Presidentearekin, Jose Hernandezekin batera. Lehendakari Iñigo Urkullu ere izan zen ekitaldian.

Modu horretan, praktika aurreratuak eta Goienak bere interes taldeekiko –bezeroak, pertsonak, bazkideak eta gizartea, besteak beste–, duen asebetetze orekatua saritu dizkio Euskalitek Goienari. Aurten Euskaliten aitortza jaso duen Debagoieneko enpresa bakarra da Goiena; horrez gain, Tubax-ek, Potrón Electrónicak, Spri Agentziak eta Mercabilbaok ere jaso dute Zilarrezko A saria gaurko ekitaldian.

Goienari emaniko saria pozarren jaso du komunikazio taldeko zuzendari Iban Arantzabalek. “Oso pozik gaude, aitorpen inportantea delako guretako. Goienako lankideak, Goienako gainerako bazkideak, Debagoieneko gizartea, bezero komertzialak, irakurleak, ikus-entzuleak, erabiltzaileak… Uste dugu denon saria dela eta bakoitzari zati bat dagokiola”. 

Rikardo Arregiren omenez irakurketa: “Gu traketsok”

Hauxe izan zen Rikardo Arregiren omenez egindako irakurketan irakurritako testua. RAKS 2019-ko komunikazio saria ere jaso genuen Ttap aldizkarian egindako lanagatik. Aldizkaria doan bajatzeko: ttap.eus

Irakurritako testua:

Gu traketsok
(Anaitasunan 1968an argitaratutako artikulua)

Neure idazlanak barriro irakurten egon naiz. Orain dala bost urte ezkeroztik, euskal aldizkarietan argitaratutakoak. Eta zenbateraino diran traketsak ikusi dot. Asko eta asko, gaizki idatziak. Korrika eginak. Gutxi landuak. Eritxien enparantzara eten barik eritxiak argitaratuaz.

Zorionez edo zoritxarrez, euskalgintzeak lan zaratatsuak eta brillanteak baino gehiago, lan iraunkorrak behar ditu. Lan iraunkorrak eta zeiak, isilak, baina eten barik egindakoak.
Zenbat asmo eder eta probetxugarriak ez dira azaldu gure artean azkeneko urte honeetan! Baina euretariko zenbatek iraun dabe? Egia esateko, oso gutxik.

Dudarik baga, saiaketa guzti horreek derrigorrezkoak ziran. Asmo guzti horreek be planteatu behar ziran, hazia ereitea beharrezkoa baitzan. Baina gure eginkizunaren mailea zein dan kontuan hartu behar dogu. Euskaldungoak irauten badau, gure belaunaldiak ez dau ondoren handirik itxiko. Izan be, etxe bat egiterakoan, lehenengo oinarriak jarri behar dira
sendoak. Etxea jasotakoan, honeekaz ez da inor gogoratzen, ez dauke nortasunik. Errealidade honegaz konturatzen ez bagara, handiguran hasiko gara, eta ez dogu ezer asko egingo.


Zenbat ez dira ari gaur egunean lan isilean, euskalgintzearen itxaropenari zutunik iraun erazoten deutsoenak! Jakina, honeek jakitunentzat, jaun handientzat, ikasientzat eta abar, langile traketsak dira. Idazle zatarrak, gramatikea ezagutzen ez dabenak. Euren saiaketa gehienetan, oker jokatzen dabenak. Baina badauke zerbait, besteai falta jakena: egiten
dabenak dira. Eta honeek, gaurko, inportanteagoak dira euskerearentzat besteak baino. Honeek barik, beste guztiak ez dira posible.

Jakina, ez da nahikoa borondate ona bakarrik izatea. Zerbait gehiago behar da. Borondate onak ez ditu danak parkatzen, ez ditu erruak ahaztu erazoten, trakeskeriak ezerezten.

Esnobismoa da gure areriorik handienetakoa. Euskerea esnobismoagaitik defenditzea. Afizinoz, denporea pasa naihan. Holan erraza da euskereatzaz asko jakitea, gramatikea oso ondo ezagutzea. Noizean behin, primeran idatzitako artikulu bat argitaratzea. Eta kitto.Beste guztia jente zeiak, traketsak egin daiela. Gainera, honeek holan, euren idazkera txarragaitik, marmarrerako, kritikarako gaia emongo dabe.

Intxuzabal baserriko Jazinto Rivas, `Elgeta´

Elgetako herritarrek Jazinto Rivasen lana nahi izan zuten erakutsi herriko jaietan. Jazinto Baldomero Rivas trikitilaria, “Elgeta” edo “Intxuzabal” izenez ezagutua izan zen, gogorarazi ziguten moduan. Trikitri eta eskusoinuaren maisuen maisu izan zen. 1905ean jaio zen Donostian. Gurasoak, jatorriz, gazteldarrak ziren. Gurasoek ezin izan zuten umea zaindu, ama ezinean eta aita Duesoko espetxean. Lau hilabete izango zituen Goimendi auzoko Intxuzabal basarrixan hartu zutenean. Hantxe hazi zen. Horrelaxe kontatu zuten herriko plazan jaio zenetik 114 urte beranduago (Goienaren bideoak 10 min ditu):

Baserrian bizi zen morroi batek zeukan eskusoinua hartuta hasi zuen bere ibilbidea “Elgeta”k. Soinuari beste ilara bat gehitzea ere berak eskatu zion soinu-egile bati. Horrela izan zen posible notei beste dizdira bat ateratzea. 1964an hil zen Jazinto Rivas, Donostian, 58 urterekin. Herritar talde bat ibili da ibilera hauek gaur egunera ekarri guran. Izan dira dekoratuak prestatzen, trikiti-dantzak irakatsi eta ikasten… Emanaldia testu honekin amaitu zuten. Testua Garbiñe Sarasketarena da, berau ere soinu-jotzaile baten alaba, Facundo Sarasketarena.

SORMENA… gizakien kutxa ezkutua,

SORMENA… gizakien azalaren arnasa ….

Gizakien bizitzaren lorea Baina… Bainak ortuan!!!

Elgetaren sormena, Gaizki ikusia edota guztiz ulertezina, Ez baitzituen sagarrak ganbaran biltzen… Eta hori barik…. GOSEA. Eta Elgetaren GOSEA, beste bat zan ordea.

Gose hura asetu nahian aritu zen munduan “galdua”, ezpainetan purua bai, baina bizimodu merkea.

Tarteka, sikiera, baserriz baserri, landatu zituen bere sormenaren haziak gure egunetaraino heldu baitira fruituak

SORMENA… Kulturaren jantzia!

Elgeta… trikiti doinu berri baten irrintzia!

Errekonozimendua eta zabalkundea izan dira herritarren nahiak. Halaxe egin zuen Koldo Izagirre idazleak ere orain dela 18 urte. Beharko lukete zabalpena hango testu eta doinuek berriz ere. CD-liburu ederra atera zen: “Elgeta, sasiaren sustraiak”, Euskal Herriko Trikitixa elkartearen eskutik.

Zorionekoak gu, zabalkudea oinarri, Dani Fano eta Koldo Izagirre bera ari baitira komiki bat egiten.

Sortzaileek merezi duten errekonozimendua, bai Elgeta soinu-jotzaileak merezi zuena eta duena, eta baita gaur egungo idazleek, marrazkilariek, komikilariek, antzezleek, bertsolariek… Zenbat zor eta zein merke lagundu genezakeen gure burua, lehenengo; baita sortzaileen lana ere, bide batez. Badagokigu sorkuntza babestea.