Gertatutakoa berrikusteko eta ezagutzera emateko Intxortako batailaren berregitea

Hainbeste denboran isildua izan den gure memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean dihardugu Elgetan ere. Horretara bideratua dago Espaloia Kafe Antzokian dagoen interpretazio gunea. Gertatukoak berrikustea eta ezagutzera ematea da helburu nagusia. Horregatik, zerbait bizia egin gura izan da eta berregin genuen orain 76 urte gertatu zena.

Orain 76 urte, 1937ko apirilaren 23an jausi zen Elgeta. Aurten ere gertaera latz haiek gogora ekartzeko elkartu ginen, domekan, apirilak 28, Intxortako Atea monumentuaren aurrean. Baina urteroko ekitaldia egiteaz gain, oraingo honetan orduko gertaerak ere birsortu genituen. Antzezlanean ikusi zena aurretik gogoratu zitzaigun hitzez, eta blog honetara ekartzea pentsatu dut idatziz. Argazkiak Goienarenak dira. Bideoa eta argazki galderiak goiena.net-en.

Esan dezadan, idatzi horren aurretik, espero ez genuen bisita ere izan genuela. Nik telefonoz jaso nuen deia: “Iban, pare bat Guardia Zibil datoz Kanpanzarko bidetik oinez, patrol bat ere ikusten dugu…”. Nire erantzuna adarrik ez jotzeko esatea izan zen, baina ez, ez zegoen adar jotzerik. Alerta! Herriko alkateari komentatu nion zer esanez deitu zidaten eta Ertzaintzaren mando batengana joan eta Guardia Zibilarengana joan ginen bi ertzain eta hirurok. Kasualitatez zeudela han eta ia zer zegoen galdetzen hasi ez ziren ba? En fin, oso gogoan nuen duela urtebete, hain justu, militarren maniobrak izan genituela… Kasualiatez edo ez, ordukoen berregitea ikusten egon ziren berdez jantzitako lau armatu hauek. Ez dezala jendeak egindako lana tapatu, hala ere. Hauxe zen antzeztu zena:

Intxortako frontea euskal defentsarentzat leku oso-oso garrantzitsua izan zen bereziki bi bataila gertatu zirelako bertan. Lehenengoa 1936ko urriaren 4koa. Bertan, Mola jeneralaren erasoaldia gelditzea lortu zuen euskal erresistentziak, eta horri esker izan zen posible Euskal Autonomia aprobatzea eta historiako lehenengo Eusko Jaurlaritza sortzea.

Zazpi hilabetez, urritik apirilera bitartean, intentsitate baxuko gerra izan zen hemen. Eta, Bizkaiko defentsarako erresistentzia gune garrantzitsuenetako izan zen Intxortako frontea. Apirilean, ordea, eguraldi onarekin, frankistek berriz ekin zieten erasoaldiei.

Hiru egunez borrokaldi gogorrak jasan zituzten miliziano eta gudariek eta hori da ehun bat boluntariok Intxortako Ate ondoan antzeztua.

Denok dakigu gerra nola amaitu zen. Tropa frankistek, azkenean, aurrera egin zuten, baina uste baino denbora eta baliabide gehiago behar izan zituzten. Intxorta, gainera, ez zuten mendean hartu. Gudari eta milizianoek utzi egin zuten Elorrio ere jausi zela jakin zutenean.

Frankistek behin eta berriz jo zuten erasoa 37ko apirilaren 20tik 24ra bitartean. Beti erabili zuten formula berdina. Lehenengo hiru orduko artilleria erasoa, eta jarraian bi orduko abiazio erasoa.

Miliziano eta gudariek babestuta, ezkutatuta, jasaten zituzten bonbardaketa horiek, eta infanteria frankistaren erasoa zetorrela konturatu orduko kokatzen ziren lubakietan defentsarako gertu.

  1. Intxortako maldetan miliziano eta gudariak izango dituzue. Martiartu batailoia (EAJ) zegoen lehen lubaki-lerroan. Bizkaitarrak gehienak eta Pablo Beldarrain komandantearen aginduetara.
  2. Apur bat gorago Juventudes Socialistas Unificadas  taldeko Dragones izeneko bi batailoi zeuden, arrasatearrak gehienak.
  3. Eta Gazteluatxen Martiartu batailoiko gudariak eta Saseta batailoi metrailadoreak.
  4. Gazteluatxetik Zabaletamendira Juventudes Socialista Unificadas taldeko UHP batailoiko milizianoak zeuden. Hiru ziren, gehienbat bergararrak eta oñatiarrak. Laugarren konpainia Elgetako hilerritik Karabietarainoko esparruan kokatzen zen.
  5. Euskal erresistentziaren defentsa osatzen zuten bonbak botatzeko Salbadorko ermitan kokatutako lau morterok eta Elgetako bonbardaketaren ostean han eta hemen txikituta aurkitu ziren dozena bat artilleria piezak.

Asentzio aldean, eta aurrez aurre, tropa frankistak zeuden lau zutabetan antolatuta: falangistak (urdinez) eta ejertzitoko soldaduak edo nazionalak. Mairuak edo Erregularrak eta erreketeak edo karlistak. Guztira, 4.600 lagun. Kalkulatzen da gudari eta milizianoak 1.400 inguru zirela.

Oh.: Egongo da berregite hau ikusteko gogoz edo parte hartzeko gogoz geratu denik. Hurrengo urtean berriz egiteko asmoa dago. Informazio gehiago jasotzeko Udaletxearekin edo Intxorta 1937 elkartearekin harremanetan jarri behar, biak izan dira antolatzaileak hainbat laguntzailerekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude