Garitanori 297 aldiz egin diote aurreskua

Iñigo Murgiondo Goienako komunitateko kideari irakurri diot datua. Eta lehenengo-lehenengo etorri zaidana burura ez da izan ez zirenik egin behar, lehenengo etorri zaidana da ia honezkero ikasiko zuen aurreskua dantzatzen Garitanok. 🙂

Eta gogoratu naiz gai honekin lotuta egon direla hainbat artikulu. Bat Oier Araolazarena. 2005ean esaten zuen: “Honek ez dauka neurririk”. Eta adibidea jartzen zuen eskailera mekanikoena: “Asteburuan eskailera mekanikoen zati berri bat irekiko dute eta inaugurazio ekitaldian aurreskua egiteko eskaera egin digute. Beste bat. Dagoeneko dozena erdi eskailera mekaniko inauguratu ditugu beste horrenbeste aurreskurekin. Ezin duzue imajinatu zein tentel senti daitekeen bat eskailera batzuei begira dantzan ari dela.” Aurresku prostituituak, zelanbait. Ezin uka, dirutxo bat irabaz daitekeela horrelakoetatik eta limosnetatik harago balitz irabazitakoa bejondeiola dantzariari… Pentsa Garitanoren kasuan kasi plantillan beharko luke aurreskulariak kar, kar, kar.

Badu kontuak pozetik ere. Ni bereziki pozik nago iaz gure herrian hasi zen ohitura batekin. Soka-dantza egin zen. Egin zuten Udaleko hiru alderdietako zinegotziek elkarrekin! Eta gonbidatu zituzten sokara herriko elkarteetako jendea! Orduan esaten nuen tradizioa sortzera etor zitekeela eta aurten, behintzat, jarraipena izango du. Aukera polita egin dute nire ustez, gainera. Alkate “zaharrak”, Alkate berriari emango dio paso herriko plazan. Desiatzen nago ikusteko. Benetan eskertzekoa bai lehengo udalbatzari zein oraingoari eskailera mekanikoei ez eskaintzea dantza eta bai herritarrei. Gustura jasoko dugu. Ohorea eta esker ona bueltatuko dugu txalotan! Txalo zaparrada zuendako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude