Etiketak jartzeko joera gaizto hori

Badauka La Sexta kateak holako sinesgarritasun misteriotsu bat nire inguruan. Kate pribatu honek lantzen ei du Kataluniako auzia itxurosoen Espainiako telebisten artean. Hori esaten didate lagunek eta entzun diot dakarkidan adibideko kazetariari berari ere. Ez nago ez oso ados baieztapen horrekin, baina egi-egia da kate hau pribatua dela eta libre dela gura duen editorialarekin (agerikoa eta aitortua balitz hobeto) jarduteko.
Espainian erreta dirudite  pantailan agertzen zaizkigun pertsonek gaia Katalunia den bakoitzean. Hedabideetako kazetariengan eta bereziki tertulianoengan igartzen da kea dariela belarrietatik Katalunia aipatzeaz bat. Kataluniako TV3 kateko zuzendariai egindako elkarrizketa baten zatia da adibidetzat jartzen dudana hemen. Elkarrizketatzailea da erasokor dagoena eta kate plublikoko zuzendariaren erantzunak eman dit gaia etiketez idazteko. Elkarrizketako gakoa da, nire ustez, zer den garrantzitsua argi eta garbi uzten duela.

Zein aspergarria den etiketatu behar hori

Hainbat adibide eman daitezke eta izango du testu honen irakurleak ere antzerakorik. Nik, aste honetan bertan bizitakotik batzuk:

  • Zuen kazetari hori, bai, hori… badakigu ondo zeintzuk diren bere lagunak eta zein girotan mugitzen den”. Eta? Interesatu behar lukeen bakarra da hedabidearen atetik sartzen denean kazetari profesional jantzia jartzen duen edo ez. Ezezkoa bada, eta kalerik egin badugu, horri buelta ematea dagokigu, baina ez nortzuk diren bere lagunak komentatzea. Gremioz aldatuz: zinegotzi batek, den alderdikoa izanik ere bere alderdikideendako bakarrik erabakitzen ditu politikak? Ezezkoan nago, eta kazetariekin berdin. Gure kazetari-lankideek ondo baino hobeto dakite bezerorik preziatuena irakurle edo ikus-entzule kopuru handi hori dela, zein alderdikoa den inporta barik. Kuriosoa litzateke neurtzea ia nori ahazten zaion errazen bezeroa denetarikoa dela, zinegotziari edo kazetariari, hedabide zuzendariari edo goi kargudun politikari bati.
  • Elkarrekin bazkaltzen geundela komentatzen zigun EITBko kazetari-profesionalak zein gaizki zeraman mundu guztiak etiketatua izateko zuen “behar” hori. Goiz baten heltzen zitzaion mezu bat esaten igartzen dela nork ordaintzen dion; beste baten, asko nabari zitzaiola ezker abertzalekoa zela; hurrengoan elkarrizketa egiteko modu xalo horrek (xalo tuiterlariaren ustez, noski) erakusten zuela zein mailataraino den jeltzalea. Askotan, sarriegitan, heltzen direla whatsappak egurra ematen bai alde batetik, bai bestetik eta bai hurrengotik.
  • Zinegintzan lan egiten duen beste batek komentatua da bazuela ezagun bat ezeroso egoten zena norbait ezagutu eta ez bazekien zein alderditakoa den. Hau da, beharra zuen  jakiteko aurrean zeukan horrek zer bozkatzen zuen. Itxura baten, zer esaten zion baino garrantzia handiagoa du harentzat halako edo bestelako bozkatzen duen. Harrituta ari nintzaion entzuten, baina ez da ez martzianoa lagun hori. Badago jende bat elkarrizketaren parte batean argi lagatzen dizuna “nondarra” den eta argiago duena “nondarra” zaren, oker egon zein ez.
  • Gure sektorean ere, euskal hedabidegintzakoan, makalak gara ba! Neuri gertatzen zait astebetean EAJkoa naizela entzutea eta hurrengoan EHBILDUkoa eta dena neurtzea parametro horietan, ez egiten dugun lanean. Eta hori beste hedabide bateko profesional batek esana denean benetan da tristea. Podemosi bozka eman diodala apustu egin duenik ere ezagutzen dut. Bazen garai bat hedabideen artean errespetu handiagoa zegoena, gremiokoen artean desiragarria den hori. Hilabete honetan entzun behar izan dut hedabide bateko laguna libre-libre aritu dela esaten zein hedabide dagoen zein botereri salduta. Errespetua eman eta jasotzea errekuperatu beharko dugu ahal den azkarren. Errespetu falta ez-publikoak dira hedabideen arteko hauek, baina errespetu faltak.
  • Politikariak dira etiketen banatzailetzan zaletuenak: EAJ-ko alkateek argi dute ezker abertzalekoa dela hedabidearen editoriala; EH Bildukoek, aldiz, EAJkoa dela. Eta hedabide horrek PSEkoren bati elkarrizketa egin eta portada eman ostean, badago baja ematen duenik ere harpidetzatik.
  • Etiketen munduan bizi gara, tageatuta. Eta eman da beste pauso bat: GUREez jakin gura dugu; ezer ere ez BESTEez. Kuriosoa da ikustea, esaterako, politika jarraitzen duten tuiterlariek jarraitzen dituztela bakarrik pentsakera bateko pertsonak eta ez kontrakoa pentsatu dezaketenak edo dutenak (batzuetan baita bloketatu ere). Facebookeko lagunak ditugu gure antzera pentsatzen dutenak eta ez beste batzuk. Nago, horrek itsutzera garamatzala, kartolak istera, eta errealiatearen pultsua galtzera. Inoiz baino garrantzitsuagoa da gaur hedabideek egiten duten lana denetariko joerakoei plaza emanez. Ez dago informatua egoterik lagunen komentarioak bakarrik irakurrita.

Etiketatua izan BEHAR honek kalte handiagoa edo txikiagoa egin dezake, norbere izatearen arabera. Garbi dagoena da onik, onik ez diola inori egiten. Inoiz ere ez kazetariari, behinik behin. Etiketa egileek, hala ere, usteko dute onuraren bat lortzen dutela eta egia esatera, batzuekiko eragin ere eragingo dute.
Kazetariak, hedabideetako arduradunak, zuzendariak… ezeren aurretik pertsonak dira, humanoak, eta presio horrek eragin egiten du. Beti, txarrerako eragin, egindako lanaz jardun beharrean etiketatzen galtzen badugu denbora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude