Osoko bilkurak eta demokrazia

Alarma egoerak gauza askotan eragin du eta baita gertuko demokrazian ere. Udalek denbora ere izan dute erreakzionatzeko eta badira konponbide txukunak topatu dituztenak eta jarraipena egiteko eskubidea murriztu dutenak.

Jakin badakigu denok Udaletan egiten den batzorde gorena osoko bilkurak direla. Horiek publikoak izaten dira eta bertaratzen direnak ez dira izaten ez, futbol zelai batera joaten direnak beste, ezta gutxiago ere! Hala ere, publiko izaera hori alarma egoeretan ere bermatu behar dela zalantza egingo duen gutxi egongo da inguruotan. Bilerak telematikoki egin arren ere ikusi eta entzuteko aukera zabaltzea da dagokiona udal bati baldin eta ariketa demokratiko horrek bere funtzioa beteko badu. Imajinatzen du inork udaletako ateak zabaldu gabe egitea osoko bilkurak urteko edozein sasoitan? bada streaming bidez zuzenean ez ematea ere parekotzat jo daitekeela uste dut. 

Debagoienean denetik ikusi dugu. Atzeratu egin dituzte hainbatek, eta logikaren barruan sartzen da hori, osoko bilkurak legetxe lozorroan sartu dira-eta enpresetako batzar orokorrak edota atariko bilerak. Hala eta guztiz ere, badira 40 egunetik gora alarma egoeran eta onartu beharreko puntuak pilatzen hasiko zitzaizkionik ez da faltako. Administrazioak funtzionatu behar du eta horretarako osokoak egin beharra dago. 

Gaur gaurkoz, Debagoieneko udal bik eman dituzte streaming bidez osoko bilkurak: Arrasatek eta Bergarak. Arrasatekoan, presentziala egin zuten zinegotzi gutxiagorekin, eta zuzeneko streaminga jarraitzeko aukera eman zieten kazetariei. Seinalea kamera bakarrarekin. Bergaran lehenengo aldiz egin zuten bilera telematikoa eta kalitate onez entzun eta ikusi ahal izan zuten kazetariek zein edozein herritarrek bertako seinalea. Egiari zor, zuzeeko horrek jarraipen zabala izan duela esan genezake (50 lagunetik gora streaminga ikusten). Goiena.eus-en zein Bergarako Udalaren webgunean. Amaieran kazetariek galderak egin ahal izan zituzten, gainera. Zuzenekoak egiteko eredu on bat eta kalitatezkoa osoko telematikoak egiteko.

Eta gainontzekoak? ba batzuk ez dira konturatu, antza, herritarrek zein kazetariek duten eskubideaz osokoak jarraitzeko: OƱatiko osoko bilkuraren berri, herri handia izan arren, hurrengo egunean jaso ahal izan zuten grabazioa, batzuek jaso ere (gako bidez) eta zuzeneko seinalerik ez, beraz, galderak egiteko aukerarik ere ez; Aretxabaletan beranduago egingo dute; Eskoriatzan onartutako puntuen berri bakarrik eman zuten hurrengo egunean udalaren webean. Ez grabaziorik, ez zuzenekorik, ezta osoko bilkuraren ostean galderak egiteko aukerarik; Eta zer eta zelan egingo duten jakitea falta txikietan: Antzuolan telematikoa izango da bilera, Aramaion egiteka dago oraindik eta berdin Elgetan eta Leintz Gatzagan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude